EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko lonja batean bikotekidea erretzen saiatzeagatik ezarritako 21 urteko espetxe-zigorra
EAEko Auzitegi Nagusiaren ustez, “nahikoa kargu-froga egon da akusatuaren aurka”, eta Bizkaiko Auzitegiak “modu arrazionalean” baloratu du haren errugabetasun-presuntzioa deuseztatzeko
- Egilea
- Comunicación Poder Judicial
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiak gizon bati ezarritako 21 urte eta lau hilabeteko kartzela-zigorra, 2022ko apirilaren 30eko goizaldean Bilboko lonja batean bikotekidea bizirik erretzen saiatzeagatik.
EAEko Auzitegi Nagusiak ezetsi du gizonak jarritako errekurtsoa, zeinak errugabetasun-presuntziorako eskubidea urratu zitzaiola argudiatu baitzuen, eta adierazi baitzuen ez zela zuzeneko frogarik egon, zantzuzkoa baizik, hura zigortzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aurrrez aurre ipini zituen apelatzailearen alegazioak eta auzialdiko auzitegiak egindako frogaren balorazioa, eta urriaren 7ko epai batean ondorioztatzen duenez, “nahikoa kargu-froga egon da akusatuaren aurka”, eta “Bizkaiko Auzitegiak modu arrazionalean baloratu du froga hori haren errugabetasun-presuntzioa deuseztatzeko”.
Bizkaiko Auzitegiak frogatutzat jo zuen auzipetuak emakumea “hiltzeko asmoz” jardun zuela, “Ertzaintzaren edo epaitegiaren aurrean salatuko ez zuela ziurtatzeko”, ustez beste delitu-egitate batean parte hartzeagatik, non biak ikertuta baitzeuden.
Halaber ere frogatutzat jo zuen, “biktimaren gainean zuzenean isuritako substantzia azeleratzaile bat erabili zuela” eta biktima etzanda zegoela, su eman ziola, eta “erredura oso larriak eragin zizkiola gorputzaren goiko herenean, batez ere aurpegian”.
Gainera suak kalte material handiak eragin zituen, gainera, bikotea bizi zen eta bizigarritasun-zedularik ez zuen lonjan, baita erantsitako etxebizitzetan eta eraikineko elementu komunetan ere.
Bizkaiko Auzitegiak atzera bota zuen auzipetuaren bertsioa, zeinaren arabera biktimak bere buruaz beste egiteko balizko saiakera bat egingo zuen, judizioan zehar aztertutako peritu- eta mediku-txostenetan oinarrituta, beste frogen artean. EAEANk berretsi egin du alderdi hori, eta uste du auzialdiko auzitegiak “arrazoizkotasun osoz” ailegatu zela ondorio horretara.
Bizkaiko Auzitegiak 18 urteko kartzela-zigorra ezarri zion gizonari, erailketa delitu baten egile gisa, saiakuntza graduan, pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen duen sute-delituaren pilaketa idealarekin, ahaidetasun-astungarriarekin eta nahasmendu psikikoaren aringarri analogiko bakunarekin.
Halaber, bi urte eta lau hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zuen, bai eta hamabi hilabeteko isuna ere, eguneko sei euroko kuotarekin, Justizia Administrazioaren aurkako delitu baten egiletzat jotzen baitu. Delitu horrengatik zigortu egiten da, indarkeriaz edo larderiaz, zuzenean edo zeharka, prozedura batean salatzaile, alderdi edo inputatu, abokatu, prokuradore, peritu, interprete edo lekuko denarengan eragiten saiatzen dena, bere jardun prozesala alda dezan.
Orobat, urtebeteko kartzela-zigorra eta hamabi hilabeteko isuna ezarri zizkion, eguneko sei euroko kuotarekin, Zigor Kodearen 197.1 artikuluan jasotako sekretuak ezagutaraztearen delituagatik. Izan ere, auzipetuak “biktimaren mugikorra bereganatu zuen, eta, kasik biktimaren bizitzaren aurkako atentatua egin zuenaz batera (…) bertan jasotako informazioa atzitu zuen (…) inoiz ere terminala itzuli gabe”.
Azkenik, biktimari 600.000 euroko kalte-ordaina ordaintzea erabaki zuen, biktimari eragindako lesio “larri” eta sekuela fisiko eta psikikoengatik, eta emakumearekin komunikatzeko edo harengana hurbiltzeko debekua ezarri zuen, 28 urtean 500 metro baino gutxiagora, beste neurrien artean.
Hori guztia berretsi du orain EAEko Auzitegi Nagusiak, Auzitegi Gorenean errekurritu daitekeen ebazpen batean.