Bilboko epaitegi batek Bizkaiko hiriburuan hainbat gizon hiltzearen akusaziopean dagoen gizon bati bi urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio iruzur egiteagatik

Bilboko Zigor-arloko 5 zk.ko Epaitegiak frogatutzat jotzen du akusatuak dirua atera zuela eta ordainketak eta erosketak egin zituela egun batzuk lehenago zendutako gizon baten txartelarekin, baina uste du "ez dela behar bezala egiaztatuta geratu" hark txartelaren titularra aurretiaz ezagutzen zuenik

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Bilboko Zigor-arloko 5 zk.ko Epaitegiak bi urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio, iruzur-delitu jarraitu batengatik, Bizkaian hainbat gizon hiltzeagatik akusatua eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hilketa-saiakera batengatik kondenatua dagoen gizonari.

Epaitegi horren ustez, egiaztatuta geratu da akusatuak, "legez kontra aberasteko asmoz" eta "iruzurrez", egun batzuk lehenago zendu zen gizon baten kreditu-txartela erabili zuela 2021eko irailaren 16tik 18ra bitartean, eta 6.305,16 euroko diru-ateratzeak, ordainketak eta erosketak egin zituela; hala ere, txartel hori "nola eskuratu zuen ez dago jasota».

Epaitegiak epaian uste du "ez dela behar bezala egiaztatuta geratu" akusatuak txartelaren titularra aldez aurretik ezagutzen zuenik.

Epaitegiak dio: "ez da nahikoa zigor-kondena eskatzen duen ziurtasun hori izateko” zenduaren anaiak judizioan egindako deklarazioan adierazi zuen ustea, hau da, bere anaiak eta akusatuak harremana zutela, kontaktuen webguneetatik ezagut zitezkeela (...) eta, gainera, ustezko harreman horrek eragingo zukeela akusatua txartelaz jabetzea"; era berean, gaitzetsi egiten du akusazio partikularrak etxe biztanledunean indarkeria erabiliz egindako lapurreta-delituagatiko akusazioari eutsi nahi izana zeren eta delitu hori prozeduratik kanpo utzi zen.

Epaian gogorarazten denez, akusatuak, ahozko ikustaldian deklaratzean, zenduaren txartela erabili zuela aitortu zuen, baina ez zuela ezagutzen esan zuen, eta Bilbon eta Murtzian egindako diru-ateratzeak eta ordainketak Ertzaintzaren txostenaren bidez berretsi ziren.

Epaitegiak berrerortze astungarria antzematen du, akusatuak sei hilabeteko espetxe-zigorra ezartzen dion epai irmoa baitu iruzurragatik, eta baztertu egiten du sexu-orientazio edo -identitateagatik delitua egitearen astungarria.

Epaian honako hau baieztatzen da: "Ez dago frogatuta akusatuak txartelaren titularra ezagutzen zuenik, eta horrek baztertu egiten du (...) delitua egitera bultzatu zuen arrazoi erabakigarria txartelaren titularraren sexu-orientazioa izan zenik".

Espetxe-zigorraz gain, epaitegiak ezartzen du akusatuak 6.305,16 euroko kalte-ordaina eman behar diola zenduaren anaiari, eragindako kalteengatik.

Epai hau ez da irmoa eta bere aurka errekurtsoa aurkez daiteke Bizkaiko Probintzia Auzitegian.

Bizkaiko Auzitegiak 7 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zion gizon horri, hilketa-saiakera delitu bat egotzita. Ebazpen horren aurkako errekurtsoa jarri zen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian (EAEAN), zeinak partzialki baietsi baitzuen Gehitu Euskadiko gay, lesbiana, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak jarritako errekurtsoa, eta 10 urteko  espetxe-zigorra ezarri zion, maltzurkeria-astungarria hauteman eta akusatua hilketa-saiakeraren delitu baten egiletzat jo baitzuen.

Gainera, gizon horrek hiru judizio ditu egiteko zinpekoen epaimahaiarekin, Bilbon beste hainbeste gizon hiltzearekin ustez harremana duelako.