Berretsi egin dute Gipuzkoako Auzitegiak hiru saltzaileri ezarritako zigorra gizon bati iruzur egiteagatik liburu-salmenta bidez
EAEko ANk ezetsi egiten du hiru kondenatuen errekurtsoa, eta, aldiz, berretsi Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako lau hilabete eta urtebete eta hiru hilabete arteko espetxe-zigorrak. Halaber, ezartzen du kondenatuetako bik 22.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dietela 2019an hil zen biktimaren oinordekoei
- Egilea
- Comunicación Poder Judicial
EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak berretsi egin du Gipuzkoako Auzitegiaren epaia. Epai horrek lau hilabete eta urtebete eta hiru hilabete arteko espetxe-zigorra ezarri zien hiru saltzaileri 2017an gizon bati liburu-bildumak salduz iruzur egiteagatik, aprobetxatuta "sugestionatzen eta eragiten erraza" zela, bere adina (74 urte) eta «kultura-maila apala» zirela medio.
Espetxe-zigorrez gain, Gipuzkoako Auzitegiak kondenatuetako biri ezarri zien 22.000 euroko kalte-ordaina eman beharra gizon horren oinordekoei (2019an zendu baitzen), biktimak liburuak erosteko ordaindu zuen diru-kopuruagatik.
Gipuzkoako Auzitegiak iruzur-delitu baten egile jo zituen bi akusatu, bidegabeko atzerapenak ere bazituztenak, eta hirugarren bat ere kondenatu zuen iruzur-saiakeragatik, berrerortze astungarriarekin. Beste bi akusatuak absolbitu zituen prozedura berean.
Hiru kondenatuek Gipuzkoako Auzitegiaren 2025eko urtarrilaren 15eko epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten EAEko AN-n, besteak beste, honako hauek alegatuta: babes judizial eragingarrirako eskubidea urratzea, froga hautematean akatsak egin izana eta errugabetasun-presuntzioaren printzipioa urratzea.
Hala eta guztiz, EAEko ANk ondorioztatu du aurkaratutako epaiak baduela motibazio erreal eta nahikorik, eta kondenatzeko kargu-froga zilegia izan dela.
Kondenatu baten argudioaren harira, hots, "merkataritza-politika oldarkorra erabiltzeak ez duela esan nahi engainatzera bideratu denik", EAEko ANk erantzuten du errekurritutako epaian frogatutako egitateen artean “espresuki jasotzen dela” bazegoela "irabazi-asmoa, eta ez merkataritza-taktika oldarkorra besterik gabe", eta gogorarazi egiten du frogatuta dagoela gizonak "liburuak erosi egin zituela" eta "ordaindutako prezioa altua izan zela, finantzazio garesti zein itxuragabeak zirela medio".
Era berean, honako hau adierazten du: «salatzaileak gertatzen ari zitzaionaz jabetzeko zuen gaitasun mugatua ez da bakar-bakarrik ondorioztatzen instrukzioan egindako deklaraziotik (judizioan ezin izan baitzuen deklaratu lehenago hil zelako )», baizik eta baita bere senideen deklarazioetatik», baita hark operatzen zuen banku-sukurtsaleko zuzendariarengandik ere, berau izan baitzen «jokabide irregularrak antzeman eta salatzea proposatu zuen aurrena».
Epai hau ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.