Informazio orokorra

Informatika Judizialaren Batzordearen osaera eta eskumenak 1/2005 Erregelamenduan daude araututa; zehazki, 98-102 artikuluak bitartean. Arau hori, jarduera judizialen alderdi osagarriei buruzkoa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak onartu zuen, 2005eko irailaren 15eko Erabakiaren bidez.

Informatika Judizialaren Batzordea honako hauek osatzen dute: Bulego Judizialerako eta Informatikarako ordezkariak (batzordeburua izango da) eta lau magistratuk (ordena jurisdikzional bakoitzeko bat), Kontseiluaren Osoko Bilkurak izendatuta. Kabinete Teknikoaren zuzendariak eta atxikitako abokatuek ere laguntza emango dute, eta Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden baliabide materialetan eskumenak dituzten herri-administrazioen ordezkariak bileretara bertaratu ahalko dira.

Informatika Judizialaren Batzordearen berariazko ardura Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurari proposamenak egitea da, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 230.5 artikuluan xedatutako programa eta aplikazio informatikoak onar ditzan, eta Justizia Administrazioan erabiltzen diren sistema informatikoek izan beharreko ezaugarriak finka ditzan. Horretarako, Justizia Auzitegi Nagusietako, Auzitegi Nazionaleko eta Auzitegi Goreneko gobernu-aretoek programak eta aplikazioak onartzeko igorritako proposamenei buruz eztabaidatu eta ebazten du –haiekin batera, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden baliabide materialen gaineko eskumenak dituzten organoen txostena ere jasotzen du–. Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden baliabide materialen gaineko eskumenak dituzten herri-administrazioek aurkeztutako proposamenak ere ebazten ditu; haiekin batera, Justizia Auzitegi Nagusiko, Auzitegi Nazionaleko edota Auzitegi Goreneko gobernu-aretoaren txostena ere jasotzen du.

Halaber, informazioa trukatzen du Justizia Ministerioko eta Ministerio Fiskaleko organoekin, baita Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden baliabide materialen gaineko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoekin ere, Justizia Administrazioa informatizatzeko planak hobeto garatzeko.