Presidenteordea

Auzitegi Goreneko presidenteordetza Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia Eraberritzeari buruzko 4/2013 Lege Organikoak, ekainaren 28koak, sortu zuen, eta Lege horren bitartez aldatu zen Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa.

Arau berriaren arabera, Auzitegi Goreneko jarduneko presidenteordeak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidentearen kargua beteko du, legez aurreikusten diren kasuetan, presidenteak bere kargua behar baino lehenago utzi eta presidente berri bat izendatu bitartean (BJLO, 590. artikulua).

Izendapena

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 589. artikuluaren lehenengo lau zenbakietan honako hau ezartzen da:

1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidentea hautatu ostean egingo den Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lehen Osoko Bilkuran Auzitegi Goreneko presidenteordea hautatuko da.

2. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak presidenteak proposaturiko Auzitegi Goreneko presidenteordea izendatuko du, erabateko gehiengo bidez. Proposamenean azaltzeko, ezinbestekoa izango da Auzitegi Goreneko magistratuaren kategoria izatea, jarduneko zerbitzuan egotea eta Auzitegi Goreneko Salako presidente izateko baldintzak betetzea.

3. Auzitegi Goreneko presidenteak egindako proposamena bokalei jakinaraziko zaie gutxienez zazpi egun lehenago eta hura argitaratu egingo da ondoren.

4. Bozketan gehiengo osoa lortzen ez bada, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak beste presidenteorde-proposamen bat egin beharko du.

Agintaldiaren iraupena

Auzitegi Goreneko presidenteak bost urtez beteko du bere kargua, salbu eta arrazoi justifikaturen batengatik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak kargutik kentzen badu; nolanahi ere, Osoko Bilkurako kideen hiru bostenen aldeko botoa beharko da horretarako (Botere Judizialaren Lege Organikoaren 593.2 artikulua eta 589.5 artikulua).

Administrazio-egoera

Auzitegi Goreneko presidenteordeak, kargua betetzen duen bitartean, zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egongo da (BJLO, 593. artikulua).

Funtzioak

Legez aurreikusten diren kasuetan, presidenteak bere kargua behar baino lehenago utzi eta presidente berri bat izendatu bitartean, presidenteordeak Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentearen kargua jardunean betetzeaz gain, (BJLO, 590. artikulua), Botere Judizialaren Lege Organikoaren591. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako funtzio hauek izango ditu:

1. Presidenteordeak beharrezko laguntza guztia eskainiko dio Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteari, azken honek bere eginkizunak modu egokian bete ditzan. Ondorio horietarako, presidentea ordezkatuko du haren kargua hutsik badago, presidentea ez badago edo gaixo badago, edo legez aurreikusten den beste arrazoiren baten kasuan.

2. Presidenteak eskuordetuta, Auzitegi Goreneko presidenteordeak Auzitegi Goren horretako Kabinete Teknikoaren goi-zuzendaritza gauzatu ahal izango du, baita presidenteak berariaz eskuordetu dizkion eginkizun guztiak ere, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiren bat dagoenean.

Gainera, Auzitegi Goreneko presidenteordea Gobernu Salako berezko kidea izango da; Sala horri eta presidenteari dagokie Auzitegi Gorenaren funtzionamendu egokia bermatzera xedaturiko erabakiak hartzea, baita Gobernu Salak hartutako erabakiak behar bezala gauzatzen direla bermatzea ere (BJLO, 592. artikulua).