Zer da Etika Judizialeko Batzordea?

Etika Judizialaren Printzipioak onartu zirenean sortu zen erakundea, printzipio horien interpretazioari buruz orientatzeko, jasotzen dituen kontsultei erantzunda eta irizpen eta txostenak emanez.

Karrera judizialeko sei kidez osatuta dago; sei kide horiek zuzenean izendatzen dira, karrera osoa aintzat hartuta, eta sei kide horiek beste kide bat izendatzen dute, ez-judiziala, zuzenbidearen etikan edo filosofian aditua den akademiko bat.

Kontsulten konfidentzialtasuna bermatuta dago, eta irizpenetan eta txostenetan emandako iritziak orientagarriak dira.

Batzordearen funtzionamendua botere judizialaren gobernu-organoetatik independentea da, baina Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bermatu behar du Etika Judizialeko Batzordeak bere helburuak betetzeko baliabide eta bitarteko egokiak dituela.

Batzordearen jardunak ezin du diziplina-ahalaren gauzapena oztopatu, eta ezin da sartu epaileen erantzukizun zibila edo penala zehazteko prozeduran. Halaber, batzordeak ez du balio izango erantzukizun zibilak, penalak edo diziplinakoak argitzeko jarduketen erreferentzia edo osagarri modura, betiere interesdunaren onerako ez bada.

Abenduaren 28ko 4/2018 Lege Organikoak (Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren erreformari buruzkoa) arau berri bat txertatu du 560. artikuluan, 24. araua, hain zuzen. Honako hau xedatzen du arau berriak:

«560. artikulua.

1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak honako eskuduntza hauek izango ditu: […]

24. araua. Etika Judizialaren Printzipioak bildu eta eguneratzea eta zabaltzea, bai eta beste entitate eta erakunde judizial batzuekin –nazionalekin eta nazioartekoekin– batera sustatzea ere.

Interes-gatazken arloan eta osotasunarekin zerikusia duten gainerako gaietan, aholkularitza espezializatua ematea epaileei eta magistratuei.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bermatuko du horretarako eratzen den Etika Judizialeko Batzordeak bere helburuak betetzeko baliabide eta bitarteko egokiak dituela».