Aurkezpena

Europar Batasuna aspaldidanik aritu da bere estatu kideei jakinarazten justizia-zerbitzuak jaso ahal izatea oinarrizko eskubide bat eta ordenamenduen eraginkortasun-baldintza bat dela, eta estatuei gogorarazten eskubide bat aitortzeak ez duela ezertarako balio eskubidea baliatzeko tresna egokiak sortzen ez badira. Horregatik, Europar Batasunaren zuzentarauetan, erabakietan eta gomendioetan estatuei eskatzen zaie, aholkatzen zaie eta, azkenik, agintzen zaie justizia-zerbitzuak jasotzea ahalbidetu dezaten, horretarako gatazkak ebazteko bestelako metodoak sustatuz eta zuzentarau, erabaki eta gomendio horiek gauzatzeko zerbitzuak sortuz, jurisdikzioarekin batera justizia-forma bat baitira.

Kontseilua da epaitzearen eta epaitutakoa betearaztearen erantzukizuna duten epaileen gobernu-organoa. Beraz, justizia administrazioa den zerbitzu publikoaren barne gaude. Zerbitzu publiko horren esparrutik, ezin dugu besoak gurutzaturik geratu herritarrek eskatzen digutenaren aurrean: herritarren arazoak konpontzea, sarritan ulertzen ez dituzten, kontsolagarriak ez diren eta sentitzen duten mina eta kezka arintzen ez dituzten legeen erantzun zurrunetik haratago joanez.

Bitartekaritza da, zalantzarik gabe, gatazkak ebazteko ordezko sistemarik ezagunena. Bitartekaritza honela defini daiteke: gatazkak ebazteko eredua, "hirugarren" neutral eta ez-alderdikari baten esku-hartzearen bitartez, bi pertsonari edo gehiagori haien arteko desadostasunen jatorria ulertzen laguntzen diena, gertatutakoaren arrazoiak eta ondorioak ezagut ditzaten, haien ikuspegiak aldera ditzaten eta desadostasun horiek konpontzeko irtenbideak aurki ditzaten. Hausnarketa hori oinarri hartuta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bere erantzukizuna ere badela sentitu du eta 2005az geroztik hainbat lan-ildo bultzatu eta sustatzea erabaki du, alor desberdinetako bitartekaritzan laguntzeko. Familiaren alorreko eta zigor-arloko lan-ildoak sendotuz joan dira. Eta burututako lana zabaldu egin da bitartekaritza zibilera, sozialera eta administrazioarekiko auzien bitartekaritzara.

Aurreko Kontseiluak auzitegi barneko bitartekaritzan oinarritu zuen bere Justiziaren Modernizazio Planaren ardatzetako bat. Kontseiluak egunero azpimarratzen du justiziaren kalitatearekiko eta modernizazioarekiko duen konpromisoa eta horregatik sustatzen du, inongo zalantzarik gabe, bitartekaritza. Gure lana batez ere auzitegi barneko bitartekaritzarantz zuzendua badago ere –gure jarduera-esparrua baita–, argi daukagu gure inguruko herrialde guztietan auzitegi barneko bitartekaritzak beste justizia-forma horren motor bultzatzaile gisa jardun duela, hau da, auzitegi barneko nahiz kanpoko bitartekaritzaren bultzatzaile gisa. Beraz, auzitegi barneko bitartekaritza lagundu eta sustatzearekin batera, bitartekaritza orokorraren ezaguera, ezarpena eta garapena bultzatzen ari gara.

Mandatua hasi zuenean zegoen egoera aztertuta, BJKNak erabaki du hiru ekintza-ildo nagusi ezartzea:

  1. Auzitegi barneko bitartekaritza sendotzea jurisdikzioaren osagarria den gatazkak ebazteko sistema gisa.
  2. Kontseiluak bitartekaritzaren arloan burutzen duen lana ezagutzera ematea, magistratu eta epaileen artean eta baita bitartekaritzarekin lotutako gainerako profesionalen artean eta herritarren artean ere.
  3. Jurisdikzio-organoetan burutzen den auzitegien bitartekaritzaren kalitatea bermatzea.

Horretarako, ibilbide-orri bat ezarri da, batez ere estatu osoan zehar bitartekaritza homogeneizatzeko eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko xedeekin.

BJKNak kalitateko bitartekaritza-zerbitzuen ezarpena bultzatuko du estatuko organo judizial guztietan, bereziki bitartekaritzaren garapena atzeratuago daramaten organoetan. Hori lortzeko lehenengo pausoa ezinbesteko koordinazio instituzionala da. Beraz, Kontseilu honek lankidetza-esparru bat sortzea proposatzen du ordezko justizia-forma hau beren eskumenen barne duten erakundeen artean. Helburu horrekin, pasa den apirilaren 27an 13 lankidetzarako esparru-hitzarmen izenpetu ziren Justizia Ministerioarekin eta justizia-alorreko eskumenak transferituta dituzten 12 autonomia-erkidegoekin. Pasa den abenduaren 3an, hitzarmen horien jarraipenerako batzordeen sorrera-bilera burutu zen. Bileran zehar, hainbat jarduera-konpromiso onartu zituzten kide guztiek, hitz gutxitan bitartekaritza mota guztien sustapenerako elkarlanaren eta lankidetzaren konpromiso orokor gisa laburbildu daitezkeenak. Lan-ildo instituzional hau osatzeko lanean dihardugu, uste dugulako bai botere publikoak eta baita erakundeak eta herritarrak ere gai direla beren gatazkak modu baketsu eta autonomoan ebazteko, horretarako espazio eta baliabide aproposak sortzen badira, hori baita azken batean askatasun eta erantzukizun demokratikoak baliatzea.

Epaileen gobernu-organo gisa, ezinbesteko lana da beti guretzat magistratu eta epaileen prestakuntza. Urte asko daramatzagu ikastaroak eskaintzen jurisdikzio-alor guztietan, lurralde guztietan eta hasierako (Eskola Judiziala) nahiz etengabeko prestakuntza-zikloetan.

Webguneko bitartekaritzaren atal honetan aurkituko duzue lan-ildo hauei buruzko informazio guztia: proiektuan parte hartzen duten organoen zerrenda, bitartekaritza-zerbitzuen zerrenda, autonomia-erkidegoen eta jurisdikzioen araberako datuak, aldian behingo kudeaketa-txostenak, bitartekaritza bideratzeko protokoloak, administrazioekin eta instituzioekin izenpetutako hitzarmenak proiektuak abian jartzeko, legeria, jurisprudentzia, doktrina-ikerlanak, bibliografia, albisteak eta bitartekaritzarekin lotutako abisuak.

Atal mugatuan, epaile eta magistratuek hausnarketa- eta kontsulta-foro bat aurkituko dute; arazoak, zailtasun teknikoak, substantiboak edo auzibide-zailtasunak partekatu ahal izateko, eta irtenbide posibleak iradokitzeko.