Justizia Ikuskapen Zerbitzuen Europako Sarea

AURKIBIDEA:

  1. Sarrera: Justizia Ikuskapen Zerbitzuen Europako Sarearen sorrera
  2. Justizia Ikuskapen Zerbitzuen Europako Sarea

 

  1. SARRERA: JUSTIZIA IKUSKAPEN ZERBITZUEN EUROPAKO SAREAREN (RESIJ - ENJIS) SORRERA

Europako hamalau herrialdetako (Belgika, Erresuma Batua, Errumania, Eslovenia, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Italia, Lituania, Montenegro, Polonia, Portugal, Serbia eta Txekiako Errepublika) ikuskapen zerbitzuetako ordezkariak Parisen bildu ziren 2017ko martxoaren 16an eta 17an, Frantziaren ekimenez, Europar Batasuneko eta Europako Kontseiluaren Justiziaren Efizientziarako Europako Batzordeko (CEPEJ, gaztelaniako akronimoaren arabera) ordezkarien parte hartzearekin. Helburua izan zen aztertzea nola lagundu dezaketen justizia ikuskaritza nazionalek, modu aktiboagoan, Europako espazio judizial uniforme baten garapenean. Ikuskapen zerbitzu nazionaletara (justizia kontseiluak, justizia ministerioa edo botere judiziala) atxikitako agintaritzen aniztasunaren behaketa oinarri hartuta, parte hartzaileek aztertu zituzten ikuskapen zerbitzu nazionalek garatutako ebaluazio metodoak eta aplikatutako kontrolen xedearen uneko bilakaera. Oraindik ere desberdintasun instituzionalak eta funtzionalak egon arren, argi gelditu zen desberdintasun horiek ez dutela kaltetzen ikuskapen sistema guztiak batzen dituen funtsezko konbergentzia, bereziki organo hauen eginkizunak garatzeko behar den independentziari dagokionez. Eztabaiden ondorioz Europa mailako lankidetzarako eta baterako prestakuntzarako aukerak ere ireki ziren. Behaketa honen ildotik, parte hartzaileek, Europako Batzordeko eta CEPEJko ordezkariekin batera, eztabaidatu egin zuten ikuskapen zerbitzu nazionalek izan dezaketen eginkizuna justiziaren eraginkortasuna eta kalitatea Europa mailan ebaluatzeko ahaleginean.

Lanaren amaiera aldera, adostasuna lortu zuten ikuskapen zerbitzu nazionalen profesionaltasun bermeen inguruan eta, adostasun horren ondorioz, Europako justizia ikuskatzaileen sare bat sortzea erabaki zen, justizia politika publikoak Europa mailan ebaluatu ahal izateko. Lan egiteko zenbait modu proposatu ziren, besteak beste, Europako zuzenbidean espezializatutako ikuskatzaileak trebatzeko metodologia erkide bat garatzea, “irakurketa gida erkide” bat prestatzea auzitegien funtzionamenduaren jarraipena egiteko eta, bereziki, zenbaitetan huts egiten duten elkarrekiko laguntza judizialaren fluxuak aztertzeko, edo estatuek edo Europar Batasunak zuzendutako “ikuskapen talde erkideak” sortzea. Justizia ikuskatzaileak trebatzeko eta herrialdeen artean trukatzeko programa erkideak abiaraztea ere proposatu zen, truke elektronikorako plataforma bat sortzearekin batera. Azkenik, lan metodologia hauek Europako funtsekin finantzatzeko aukerak ere aurkeztu ziren.

Truke hauen amaieran, parte hartzaileek adierazpen hau adostu zuten:

“Hamalau herrialde parte hartzaileetako ordezkariek, lankidetza indartu bat sustatzen duten metodo eta tresnak garatzeko helburuarekin, ahal duten guztia egiteko konpromisoa hartu dute ikuskapen zerbitzu nazionalen Europako sare bat ezartzeko.

Europar Batasuneko estatu guztietako edo herrialde hautagaietako ikuskapen zerbitzuei gonbidapena luzatzen zaie ekimen honekin bat egin dezaten, martxoko 16ko eta 17ko konferentzian parte hartu ez badute ere.

Frantziako, Begikako, Espainiako, Errumaniako, Italiako, Txekiako Errepublikako, Lituaniako eta Portugal eta Poloniako ikuskapen zerbitzuek osatutako jarraipen batzorde bat arduratuko da, bere agintaritza akordioaren arabera, nortasun juridiko egokia definitzeaz eta 2017tik aurrera ekintza hauek sustatzeaz:

– Informazio trukea sustatzen duen eta tartean diren herrialdeek eta ikuskapen zerbitzuek eskuragarri dituzten baliabide digitalak ostatatzen dituen lineako plataforma elektroniko seguru bat sortu eta abiarazteko proposamena aurkeztea. Hori kontuan hartuta, Jarraipen Batzordeko kide batek edo gehiagok finantzaketa eskaera bat prestatu eta Europako Batzordeari aurkeztuko diote.

– Etika kode erkide baterako proiektua prestatzea.

– Ikuskapen zerbitzu nazionalen arteko prestakuntza eta lankidetza gurutzatua sustatzea, bereziki ikuskatzaileen trukeen bitartez.

Bertaratutako ikuskapen zerbitzuek adostu dute, beren gaitasunen barruan, ahalegin propioak bateratuko dituztela, ahalegin aldeaniztunekin batera, justiziaren eta, batez ere, laguntza juridiko zibil eta penala emateko Europako tresnen eraginkortasuna eta kalitatea Europa mailan ebaluatzen laguntzeko xedearekin.

Bertaratutako ikuskapen zerbitzuek, aurreikusitako ekintzen finantzaketa bermatze aldera, nazioarteko emaileekin, esaterako, Europar Batasunarekin, har litezkeen neurri guztiak sustatuko dituzte.

Bertaratutako ikuskapen zerbitzuek urtean behin biltzea adostu dute, bereziki adierazpen honen aplikazioaren balantzea egiteko eta dagozkion proiektuen aurrerapena aztertzeko.

Italiako, Espainiako eta Errumaniako ikuskapen zerbitzuak boluntario moduan eskaini dira hurrengo konferentzia antolatzeko aukera aztertzeko.

Parisen, 2017ko martxoaren 17an”

 

  1. JUSTIZIA IKUSKAPEN ZERBITZUEN EUROPAKO SAREA

Une honetan, Justizia Ikuskapen Zerbitzuen Europako Sareko (RESIJ, gaztelaniako akronimoaren arabera) eskubide osoko kide dira jarraian adierazitako Europar Batasuneko estatuetako Ikuskapen Zerbitzuak edo pareko erakundeak: Belgika, Bulgaria, Errumania, Espainia, Frantzia, Italia, Portugal eta Txekiako Errepublika.

Elkarte honen helburua da Europar Batasuneko estatuetako eta Europar Batasunerako estatu hautagaietako ikuskapen judizialeko zerbitzu nazionalen arteko lankidetza eta elkarrekiko ulermena hobetzea.

Elkarteak esklusiban eta zuzenki lan egingo du irabazi asmorik gabeko nazioarteko helburuak lortzeko eta bere kideen arteko lankidetza sustatzeko arlo hauetan:

- jarduera judiziala eta sistema judizialen funtzionamendua ebaluatzeko arau erkideen garapena;

- ebaluazio lanetarako inpartzialtasun, etika eta lehia berme erkideen definizioa;

- kideen egitura eta eskumenen eta kideen arteko trukeen inguruko informazioa eta analisiak;

- ikuskapen judizialeko zerbitzuak antolatzeko moduei eta hauen funtzionamenduari lotutako esperientzien trukea;

- justiziaren eta, bereziki, arlo zibil eta penalean elkarrekiko laguntza emateko Europako tresnen eraginkortasun eta kalitatearen Europa mailako ebaluazioan laguntzea;

- tartean diren herrialdeen eta ikuskapen zerbitzuen arteko informazio eta baliabide digitalen trukea sustatzen duten lineako tresnen garapena eta abiaraztea;

- Europar Batasuneko erakundeei eta bestelako erakunde nazionalei eta nazioartekoei zuzendutako ezaguera espezializatuen eta esperientzia eta proposamenen komunikazioaren hornidura.

RESIJen esparruan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ikuskapen zerbitzu nazionalen aldetiko lankidetza judizial zibilerako Europako tresnen ebaluazio proiektuan (ECJIN ID 831656) parte hartu du eta, 2021eko irailaren 10ean, aditu baten izendapena onartu zuen Ikuskapen Zerbitzuen Europako Sarearen “COVID-19aren ondorengo Europako inpaktuaren azterketa” proiektuan parte hartzeko helburuarekin. Era berean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, 2021eko irailaren 28an, onartu egin zuen Kontseiluak ingurumen justiziaren arloko Europako proiektu batean parte hartzea. Proiektua Frantziak aurkeztekoa / zuzentzekoa da, Justizia Ikuskapen Zerbitzuen Europako Sarearen esparruan, Europako Batzordearen Justizia Programaren (JUST) barruan. Erabaki honekin Kontseiluak konpromisoa hartu du proiektuaren baterako finantzaketan parte hartzeko eta proiektuaren ezarpenean parte hartuko duten 2 eta 4 aditu artean izendatzeko, proiektuak Europako Batzordearen onarpena jasotzen badu.

Era berean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak, 2021eko uztailaren 22ko saioan, aho batez onartu zuen Ikuskapen Zerbitzu Nazionalen Europako Etika Gutunaren testua, 2021eko ekainaren 25eko RESIJen Batzar Nagusian onartu zena.