Ikuskapen Zerbitzuaren

Ikuskaritza Zerbitzuaren antolaketa

Ikuskapen Zerbitzuak, Batzorde Iraunkorraren mende, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 560. artikuluko 1.8 idatz-zatian aipatzen diren Justizia Administrazioaren zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatu eta kontrolatzen du; horretarako, Kontseiluak erabakitako jarduketak eta bisitaldiak egiten ditu, Auzitegien gobernu-organoen eskumenei kalterik egin gabe eta horiekin batera lan eginez (Botere Judizialaren Lege Organikoaren 560. eta 615. artikuluak).

Zerbitzuburua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak izendatzen du, eta haren agintaldiak bera izendatu zuen Kontseiluaren agintaldiaren iraupen berbera du.

Zerbitzuburutza magistratu ondoko batek eta atxikitako letradu batek osatzen dute; haiek, zerbitzuburuarekin batera, Ikuskaritza Unitate Zentrala osatzen dute. 

Ikuskaritza Zerbitzua bost ikuskaritza-unitaterekin antolatzen da. Unitate horiek guztiak ikuskari eskuordetu batek edo batzuek eta letradu batek edo batzuek osatzen dituzte. Unitateak jurisdikzio-ordenen arabera antolatzen dira, eta honako hauek dira: unitate zibila, penala, soziala, administrazioarekiko auziena eta unitate mistoa; azken horrek barnean hartzen ditu familia-epaitegiak, pertsonen gaitasuna, adingabeak eta espetxe-zaintza.

Estatistika Atala Ikuskaritza Zerbitzuaren barruan dago. Bere egitekoa organo judizialen estatistika-buletinak tramitatu, antolatu eta ustiatzea da.

Ikuskaritza Zerbitzuari esleitutako zereginak

  1. Epaitegi eta auzitegien egoerari buruzko informazioa ezagutzea eta ematea. Horretarako, badira zenbait aplikazio informatiko, organo judizialei buruz eskuragarri dagoen informazioa eta karrera judizialeko kideen lanbide-datuak biltzen dituztenak. Lortutako datuetatik abiatuta, Ikuskaritza Zerbitzuak txostena egiten du jurisdikzio-organo bakoitzaren edo organo horien talde baten egoerari buruz, bai eta organo horien titularren kudeaketa eta errendimenduari buruz ere.
  2. Epaitegi eta auzitegien jardueraren kontrola. Kontrol-zereginaren helburua da jurisdikzio-organoen funtzionamenduan aurretiaz ezarritako estandarrak noraino betetzen diren egiaztatzea, organoen benetako egoera zein den jakitea eta egon litezkeen desbideratzeak detektatzea.
  3. Organo judizialen disfuntzioak prebenitzea. Lortutako ezagutzaren bitartez jarduera-plan zehatzen proposamenak egiten dira.
  4. Epaitegi eta auzitegien kudeaketa hobetzeko laguntza. Kontrola egindakoan, eta kontrol horren ondorioz, jurisdikzio-organoaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko alderdirik esanguratsuenak aztertzen dira, bai eta alderdi bakoitzaren egoeraren arrazoiak ere, eta beharrezkotzat jotzen diren hobekuntzak proposatzen dira.
  5. Antolamendu judizialari, erakunde publikoei eta gainerako operadore juridikoei proposatzea neurriak abian jartzeko eta hobekuntzarako jarraibide eta elementuak txertatzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzu publikoaren kalitatea kudeatu eta hobetzeari dagokionez.

Ikuskaritza Zerbitzuaren jarduera

  1. Ikuskaritzako bisita presentzialak. Ikuskaritza unitateek bisita arruntak eta aparteko bisitak egiten dituzte organo judizialetan. Bisita arrunten xedea ikuskatutako organo bakoitza orokorrean eta zehazki ezagutzea da; apartekoen xedea, berriz, egoera jakin batzuk ezagutzea, Batzorde Iraunkorrak halakoak egitea beharrezkotzat jotzen duenean. Ikuskaritzako bisiten ostean, akta xehea egiten da ikuskaritzaren emaitzari buruz. Akta horretan, ustez hartu behar diren neurriak proposatzen zaizkio ikuskatutako organoari, baita Zerbitzuburutzari, beste erakunde batzuei edo edozein motatako erakundeei ere.
  2. Ikuskaritza birtuala. Sei hilez behin, organo judizialen egoeraren egiaztapen zorrotza egiten da. Horretarako, oinarri hartzen dira estatistika atalaren datuak, Ikuskaritza Zerbitzuaren gainerako aplikazio informatikoetako datuak eta organo judizialek kasuan kasu emandako informazioa. Ikuskaritza honetatik ateratzen den txostenean, disfuntzioak dituzten organoak agerrarazten dira eta horiek hobetzeko beharrezkoak diren barneko eta kanpoko proposamenak egiten dira.
  3. Txostenak. Ikuskaritza Zerbitzuak mota guztietako txostenak egiten ditu. Txosten horiek Batzorde Iraunkorrak, Diziplina Ekintzaren Sustatzaileak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Zerbitzu eta Atalek eskatzen dizkiote (indartze-neurriak, lekualdatze-lehiaketak, bateragarritasunak, lizentziak, eta abar). Halaber, txostenak egiten ditu kanpoko organo eta erakundeentzat, eskatzen diotenean.
  4. Organo judizialen funtzionamenduaren kontrola.