Jurisdikzio-arloa - Izendapena eta hautapena

Kabinete Teknikoan arituko diren letraduak merezimendu-lehiaketa bidez hautatuko dira, eta hautespen-irizpideak deialdiaren iragarkian zehaztuko dira. Karrera Judizialekoak edo Fiskalekoak ez diren letraduek Justizia Administrazioaren letraduen Kidegoko funtzionario edo administrazio publikoetako edo konstituzio-organoetako funtzionario izan beharko dute, Zuzenbide tituluarekin, eta A1 azpitaldeko kidegokoak edo parekoetakoak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak deialdia egingo du, Auzitegi Goreneko presidenteak proposatuta. Azken horrek Gobernu Sala entzungo du aurrez, hautespen-irizpideak zehazteko.

Auzitegi Goreneko presidenteak, Salako presidentea eta Kabinete Teknikoaren zuzendaria entzunda, Gobernu Salari aurkeztuko dio Kabinete Teknikoaren letraduen postuak betetzeko izangaien proposamena, onar dezan. Auzitegi Goreneko presidenteak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurari aurkeztuko dio Gobernu Salaren proposamena, Kabinete Teknikoaren letraduen postuak beteko dituzten pertsonak izenda ditzan.

Hautatzen diren letraduak urtebeterako izendatuko dira. Epe hori bete ondoren, Auzitegi Goreneko presidenteak, dagokion salako presidentea eta Kabinete Teknikoaren zuzendaria entzunda, eta hala badagokio, postua luzatzea proposatuko du, hasierako izendapenerako zehaztutako prozedurari jarraikiz. Letraduak hiru urteko aldietarako luzatu ahal izango dira. Aurrekoari kalterik egin gabe, Auzitegi Goreneko presidenteak kargutik kendu ahal izango ditu letraduak, beren funtzioari dagozkion eginbeharren ez-betetze larriagatik.