Erregelamendu-ahala

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak honako eskudantzia hauek izango ditu: Erregelamendu-ahala gauzatzea, baina Botere Judizialaren Lege Organikoan jasotzen diren aurreikuspenak garatuz soilik, honako esparru hauetan (BJLOko 560 1.16ª eta 560.2 Artikulua):

a) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren antolaketa eta funtzionamendua.

b) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren langileak, funtzio publikoaren legediaren esparruan.

c) Epaitegi eta Auzitegien gobernu-organoak.

d) Jardun judizialen publizitatea.

e) Ebazpen judizialen argitalpena eta berrerabilpena.

f) Egun eta ordu baliodunak izendatzea, eta entzunaldi publikoen orduak finkatzea.

g) Organo judizialak eratzea haien egoitzaz kanpo.

h) Organo judizialen espezializazioa.

i) Gaiak eta txostenak banatzea.

j) Organo jurisdikzionalen guardiako araubidea.

k) Espainiako organo judizialek nazioko nahiz nazioarteko lankidetza jurisdikzionalaren esparruan duten jarduketaren antolaketa eta kudeaketa.

l) Justizia Administrazioan erabiltzen diren sistema informatikoen bateragarritasun-estandarrak eta -oinarriak finkatzea.

m) Elkarte judizialen erregimen juridikoa eta epaile eta magistratuen estatutua osatzen duten eskubide eta betebeharrak gauzatzeko baldintza osagarriak, erregelamenduzko garapen horrek legedian berritasunik edo aldaketarik eragiten ez duen neurrian.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erregelamenduzko xedapenek ez dituzte, zuzenean nahiz zeharka, harekin loturarik ez duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak kaltetuko edo arautuko.

Garapen-erregelamenduen proiektuek epaile eta magistratuen elkarte profesionalen eta eragina jasan dezaketen interesak ordezkatzeko eginkizuna legez aitortua duten korporazio profesionalen edo beste era bateko elkarte batzuen txostena beharko dute. Estatuko Administrazioak ere esku hartuko du, Justizia Ministerioaren bitartez, eta autonomia-erkidegoek ere bai, betiere erregelamenduaren edukiarekin zerikusia duten eskumenak badituzte edo eskumen horiek eta Kontseilu Nagusiarenak koordinatzea beharrezkoa bada. Beharrezkotzat jotzen diren kontsultak eta aldez aurretiko azterlanak bilduko dira, baita proiektuari buruzko legezkotasun-txosten bat ere.

Dena den, genero-eraginari buruzko aldez aurreko txosten bat egin beharko da beti.

Fiskaltzari entzungo zaio proiektuaren gaiak eragiten dionean, batik bat 560 artikuluko 1.16 paragrafotik d) eta f) idatz-zatitik j) idatz-zatira jasotzen diren egoeretan.

Botere Judizialaren Lege Organikoan (BJLO) aurreikusitako baldintzetan arauzko boterea gauzatzea osoko bilkurari dagokio (BJLOko 599.7 artikulua)

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartutako erregelamenduak «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko dira (635.1 artikulua).