Justizia Kontseiluen Europako Sarea

AURKIBIDEA:

1. Sarrera: Justizia Kontseiluen Europako Sarearen sorrera

2. Justizia Kontseiluen Europako Sarea

3. Justizia Kontseiluen Europako Sarearen lantaldeak 

1. SARRERA: JUSTIZIA KONTSEILUEN EUROPAKO SAREAREN SORRERA

2002ko azaroan, Europar Batasuneko hiru estatu kidetako botere judizialaren gobernu-organoak: Herbehereetako Epailetzaren Kontseiluak (Raad voor de rechspraak), Belgikako Magistratura Kontseiluarekin (Conseil Superieur de la Justice) eta Irlandako Auzitegien Zerbitzuarekin (Courts Service) batera, Europako euren kideengana jo zuten EBko estatu kideetako Botere Judizialaren Kontseiluen konferentzia egitea proposatuz. Topaketaren sustatzaileen hasierako proposamenean lortu beharreko helburua Botere Judizialeko gobernu- eta administrazio-organoen artean komunikaziorako eta esperientzia-trukerako eremuak sortzen hastea zen, ordura arte ez zelako ekimenik sortu Europar Batasunean Europako magistraturako kontseiluen artean elkartzeko eta hausnarketa egiteko eremu iraunkorrak sortzeko helburuarekin.

BJKNri buruzko proposamena onartu egin zen eta lehen bilera 2003ko 13tik 15era egin zen Hagan. Bilera hartan lantalde informal eratzailea sortu zen (egungo "Zuzendaritza Batzordearen" enbrioia), gutun fundatzailearen zirriborroa egiteaz arduratu zena Erroman maiatzaren 20an eta 21ean egingo zen osoko bilera eratzailean aurkezteko.

Lantalde honek hainbat bilera egin ondoren, 2004ko maiatzaren 20an eta 21ean Erroman Osoko Bilkuraren bilera egin zen. Bilera hartan Justizia Kontseiluen Europako Sarea eratzeko Estatutuak onetsi ziren. Sare hori sortu zuten kideetako bat Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia da. Hain zuzen ere, hasieran Zuzendaritza Batzordeko (Steering Commitee) kide izendatu zuten, Herbehereetako, Belgikako, Irlandako, Italiako, Frantziako eta Poloniako Kontseiluekin batera.

Bere jarduera hasi zenetik, Sareko organoek funtzionamendu erregularra izan dute. Estatutuen azken erreformaren ostean, Justizia Kontseiluen Europako Sarearen gobernu-organoak hauek dira: Batzar Nagusia (urtero egiten du bilera); Batzorde Betearazlea (Executive Board), zeinak urtean lau edo bost aldiz egiten baititu bilerak, eta Lehendakaria. 2005eko Batzar Nagusia Bartzelonan egin zen, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Eskola Judizialaren egoitzan, ekainaren 2an eta 3an.

Azken Batzar Nagusia Varsovian (Polonia) egin zen 2016ko ekainaren 1etik 3ra bitartean. Batzar hartan, Lehendakari hautatu zuten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokala, Nuria Díaz Abad. Haren agintaldiak bi urte iraungo du (2018ko ekainera arte). Varsoviako Batzar Nagusian Justizia Kontseiluen Europako Sareko Batzorde Betearazleko kide hautatu zituzten Europar Batasuneko zenbait estatu kidetako Botere Judizialaren Kontseiluak edo antzeko erakundeak; hona hemen estatu horiek: Frantzia, Irlanda, Italia, Herbehereak, Eslovenia, Errumania eta Eskozia. Gainera, Batzar Nagusi hartan, Greziako bi Kontseilu Judizial Gorenek eskubide osoko kide gisa sartzeko egindako eskaria onartu zen.

Horrenbestez, gaur egun, Justizia Kontseiluen Europako Sareko eskubide osoko kide dira Europar Batasuneko zenbait estatu kidetako Botere Judizialaren Kontseiluak edo antzeko erakundeak; hona hemen estatu horiek: Belgika, Bulgaria, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Grezia (Justizia Zibil eta Penalaren Kontseilu Judizial Gorena, eta Administrazio Justiziaren Kontseilu Judizial Gorena), Hungaria, Irlanda, Italia (Magistraturaren Goi Kontseilua eta Administrazio Justiziaren Lehendakaritza Kontseilua), Letonia, Lituania, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua (Ingalaterra eta Gales, Ipar Irlanda eta Eskozia) eta Errumania. Justizia Kontseiluen Europako Sareko behatzaileak dira Europar Batasuneko kide diren edo Europar Batasunean sartzeko hautagai diren estatu hauetako Justizia Ministerioak edo Botere Judizialaren Kontseiluak: Albania, Alemania, Austria, Zipre, Txekia, Estonia, Finlandia, Luxenburgo, Mazedonia, Montenegro, Norvegia, Serbia, Suedia, Turkia, eta horrez gain Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.   

2. JUSTIZIA KONTSEILUEN EUROPAKO SAREA

Justizia Kontseiluen Europako Sarea sortzeak askatasun-, segurtasun- eta justizia-gune bat sortzeko helburuari jarraitzen dio.

Bere kideen artean honako esparru hauetan lankidetzan aritzea da helburua:

  • Egituren eta kideen eskumenen analisia eta egitura eta eskumen horiei buruzko informazio-trukaketa.
  • Botere judizialaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko esperientzia-trukaketa.
  • Botere judizialaren independentziarekin eta interes erkideko beste gai batzuekin zerikusia duten kontuak.
  • Ezagutza teknikoen eta esperientzien ekarpena egitea eta proposamenak jakinaraztea Europar Batasuneko instituzioei eta beste erakunde nazional eta nazioarteko batzuei.

3. JUSTIZIA KONTSEILUEN EUROPAKO SAREAREN LANTALDEAK

Sarearen funtzionamendua Europar Batasuneko estatu kideetako botere judizialentzako interes handieneko kontuak aztertzen dituzten dokumentuak egiteaz arduratuko diren lantaldeak sortzea da. Dokumentuok erreferente izan daitezke lan instituzionalean eta Sareko kide guztien hausnarketaren ondorio dira.
Emaitza horiek Batzar Nagusiek balidatzen dituzte, eta txostenak publikoaren eskura jartzen dira Justizia Kontseiluen Europako Sarearen webgunean (https://www.encj.eu). Gainera, Batzar Nagusi bakoitzean normalean erakunde-adierazpen bat egiten da Batzar bakoitzean aztertutako gaietako bati buruz edo Europako estatuetako botere judizialentzat garrantzitsua den gaur-gaurko gai bati buruz.