Informazio orokorra

Magistratuen kategoriara igotzeko prozesua Botere Judizialaren Lege Organikoaren 311. artikuluan dago arautua. Bertan adierazten denez, magistratuen kategorian sortzen diren lau postu hutsetik bat jurisdikzio-ordena zibileko eta penaleko hautaketa-proben bitartez hornituko da, eta espezializazio-proben bitartez, berriz, administrazioarekiko auzietako, gizarte-arloko eta merkataritzako ordenan.

Merkataritzako jurisdikzio-ordenako magistratu espezialisten kategoriara igotzeko, hautaketa-prozesu bat gainditu behar da, printzipiotzat harturik berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna. Probaren helburua da hautagaiek merkataritzako jurisdikzio-ordenako eginkizunak betetzeko behar adina gaitasun profesionala duten egiaztatzea. Probak bi urtean behin deitzen dira, gutxi gorabehera.

merkataritzako jurisdikzio-ordenako espezializazio-prozesuan parte hartu ahalko dute karrera judizialeko kideek (epailea edo magistratua), edota karrera fiskaleko kideek, egiazki bi urtez jardun badira, gutxienez, haien administrazio-egoera edozein dela ere (behin betiko funtzio-geldiera izan ezik). Horrez gain, probak egin ahal izateko, beharrezkoa izango da genero-ikuspegiaren inguruko prestakuntza-jardueretan parte hartu izana egiaztatzea (Botere Judizialaren Lege Organikoaren 312.3 artikulua); gutxienez, 50 ordu. 

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorra da deialdia egiten duen organoa.

Kategoria honetan sartzeko probak kalifikatuko dituen epaimahaia honela osatuko da:

  • Auzitegi Goreneko gizarte-arloko salako magistratu bat.
  • Hiru magistratu; jurisdikzio-ordena zibileko bi, eta gizarte-arloko jurisdikzio-ordenako bat (lehenak, ahal dela, merkataritzako organoen berezko gaietan espezializatu direnen artean izendatu dituztenak).
  • Katedradun bat, eta, bestela, unibertsitate-irakasle titular bat, merkataritza-zuzenbideko arloan hamar urtetik gora jardun dena.
  • Hamar urtetik gorako jarduera profesionala izan duen abokatu bat; bereziki, merkataritza-arloko organoei dagozkien gaietan.
  • Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko letradu bat, Zuzenbideko lizentziaduna –idazkaria izango da–.

Hautaketa-prozesuak bi fase izango ditu; lehen fasean, ariketa teoriko bat eta ariketa praktiko bat egin beharko dira, eta, bigarren fasean, ikastaro teoriko-praktiko bat egin beharko da Eskola Judizialaren Bartzelonako egoitzan:

l. Hautaketa-prozesua gainditzea. Ariketa hauek osatzen dute prozesua:

a) Ariketa teorikoa (gehienez, 60 minutu) Deialdiarekin batera argitaratzen den programako lehen zatiko hiru gai hartuko dira ausaz, eta gai horiei buruzko ahozko aurkezpena egingo dute hautagaiek epaimahaiaren aurrean, entzunaldi publikoa eratuta. Ahozko aurkezpena egin ondoren, epaimahaikideek gaien edukiari buruz egindako galderei erantzun beharko diete, hamabost minutuz, gehienez ere.

b) Ariketa praktikoa (gehienez, bost ordu): irizpen bat egingo dute hautagaiek, deialdiarekin batera argitaratzen den gai-zerrendaren bigarren zatian jasotako gaiei buruzkoa, eta entzunaldi publikoan irakurriko dute. 

II. Eskola Judizialean ikastaro teoriko-praktikoa gainditzea. Gaur egun zazpi asteko iraupena du; modulu teoriko-praktikoak batera ematen dira, eta bi fasetan daude banatuta:

a) Lehen fasea (bost aste, gutxi gorabehera): aurrez aurreko ikastaro teoriko-praktiko presentzial bat, lau astez Eskola Judizialean, eta astebetez Auzitegi Goreneko Lehenengo Salan.

b) Bigarren fasea (bost aste, gutxi gorabehera) tutoretzapeko praktikak, Espainiako zenbait organo espezializatutan.