Kontsulta-funtzioa

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txostena bete beharko dute honako gai hauei buruzko xedapen orokorrek eta lege-aurreproiektuek:

  • Botere Judizialaren Lege Organikoaren aldaketak.
  • Mugapen judizialak zehaztu eta aldatzea, bai eta haien hiriburuak ere.
  • Epaile eta magistratuen, idazkari judizialen eta Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen plantilla organikoa zehaztu eta aldatzea.
  • Epaile eta magistratuen estatutu organikoa.
  • Idazkari judizialen eta Justizia Administrazioaren zerbitzura lan egiten duten gainerako langileen estatutu organikoa.
  • Arau prozesalak edo funtsezko eskubideak ohiko auzitegietan babesteari dagozkion alderdi juridiko-konstituzionaletan eragiten duten arauak.
  • Auzitegien eratzeari, antolaketari, funtzionamenduari eta gobernuari eragiten dieten arauak.
  • Presondegiko araubideari buruzko arauak eta lege penalak.
  • Gobernuak, Gorte Nagusiek edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek egokitzat jotzen dituzten gainerako gaiak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hogeita hamar egun izango ditu txostena egiteko; epe hori ezingo da luzatu. Igorpen-aginduan txostena urgentziazkoa dela zehazten bada, epe hori hamabost egunekoa izango da. Salbuespen gisa, organo igorleak epearen luzapena baimendu ahalko du kasu bakoitzaren egoeren arabera. Luzapenaren iraupena hamabost egunekoa izango da, igorpen-aginduan txostena premiazkoa dela adierazi den kasuetan izan ezik, kasu horietan hamar egunekoa izango delarik.

Aurreko atalean ezarritako epeen barruan txostenik igortzen ez bada, izapidea amaitutzat joko da.

Gobernuak txostena Gorte Nagusiei helaraziko die legeen aurreproiektuen kasuan. (BJLOko 561. artikulua)

Osoko Bilkurari dagokio: Gobernuak edo legegintza-ganberek beraren irizpenaren pean utzi dituen lege-aurreproiektuei edo xedapen orokorrei buruzko txostenak onestea. (BJLOko 599.1.12 artikulua)