EAEko Auzitegi Nagusiak "in itinere" istriputzat jo du langile batek medikuarenera joateko enpresatik irtetean izandakoa

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Lan Arloko Salak langile baten errekurtsoa baietsi du, eta Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiaren epai bat errebokatu du. Epai horren arabera, langileak aldi baterako ezintasuna izan zuen gaixotasun arruntaren ondorioz eta ez lan-istripuagatik, medikuarenera joateko lanetik irten eta trafiko-istripua izan ondoren

Egilea
Comunicación Poder Judicial

EAEko ANren Lan Arloko Salaren epai baten arabera, medikuarenera joateko enpresatik irtetean izandako trafiko-istripua "in itinere" da, eta, beraz, horren ondorioz sortutako aldi baterako ezintasun-prozesua lan-istripu baten ondoriozkoa da.

EAEko ANk langileak Bilboko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiaren epai baten aurka jarritako errekurtsoa baietsi du. Epai horrek adierazi zuen emakumeak istripuaren ondorioz izan zuen aldi baterako ezintasuna ez zela lan-istripu baten ondoriozkoa.

Orain, EAEko ANren Lan Arloko Salak azaldu du jurisprudentziak lau elementu eskatzen dituela istripu bat lan-arloko "in itinere"-kotzat jotzeko:

-      Teleologikoa: bidaiaren helburu nagusia eta zuzena lanaren araberakoa izatea.

-      Geografikoa: istripua lantokitik egin beharreko ohiko ibilbide arruntean gertatzea, edo alderantziz.

-      Kronologikoa: istripua ibilbidean eman ohi den zentzuzko denboraren barruan gertatzea, eta ibilbidea ez aldatzea ohikoak ez diren eta interes partikularreko arrazoiengatik diren aldi baterako desbideratze edo aldaketen ondorioz.

-      Ingurunearen egokitasuna: ibilbidea garraioaren ohiko bitartekoarekin egitea, alde batera utzita, besteak beste, zirkulazio-arauak urratuz gidatzea.

Errekurritutako kasuan, Auzitegi Nagusia elementu teleologikoaren betekizuna aztertzean oinarritzen da eztabaida nagusia ebazteko, "in itinere" istripuaren gainerako alderdiak ez baitira ezbaian jarri.

"Ulertu behar dugu (...) lotura bat dagoela arreta medikoaren eta laneko osasunaren artean", eta etxera joan baino lehen hitzordu mediko bat programatuta edukitzeagatik ospitalera joateak "ez duela kausazko lotura hausten, izan ere, osasunak lotura zuzena du lan-garapenaren eremuarekin, eta, horregatik, ezin dugu ulertu lan-arloko babesik ez duen jarduera pribatu huts gisa hartua izatea, langilearen osasunak lan-arloan garrantzia baitu, eta, horregatik, esku artean duguna «in itinere» istripua" dela ulertzen dugu.

Horregatik, Auzitegi Nagusiak auzialdiko epaia errebokatzen du, eta deklaratzen du emakumeak izandako aldi baterako ezintasunaren kontingentzia, kasu honetan, lan-istripuaren ondoriozkoa dela, eta Mutua kondenatzen du, enpresaren posizioan subrogatuta, dagokion subsidioa ordaintzera.

Boto partikularra

Epai hori ez da irmoa, eta haren aurka Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salan errekurtsoa jar daiteke. Hiru magistratuetako baten boto partikularra ere jasotzen du, eta haren ustez, langile horrek izandako trafiko-istripua ez da "in itinere" gisa ulertu behar, eta, beraz, errekurritutako epaia berretsi behar da.

Magistratuak azaldu du Auzitegi Gorenaren epai batzuek adierazi dutela kasu horiek "ez direla lan-istripuak".