EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du ordezkari sindikal egin zen Siemens Gamesako zuzendari bat kaleratzea bidezkoa dela

EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak ezetsi egin du pertsona horrek Bilboko Lan Arloko 2 zk.ko Epaitegiaren epaiaren aurka jarritako erregutzeko errekurtsoa. Epaiak bidezko jo zuen pertsona hori kaleratzea, eta erabaki zuen ordezkari sindikal egin zela bere burua "blindatzeko", enplegu-erregulazioko espediente baten ondotik enpresa utzi beharko zuela-eta

Egilea
Comunicación Poder Judicial

EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak berretsi egin du Bilboko Lan Arloko 2 zk.ko Epaitegiaren ebazpena, ordezkari sindikal egin zen Siemens Gamesako zuzendari bat kaleratzea bidezko jo zuena. 

Aipatu epaitegiak ahozko ikustaldian frogatutzat emandako gertakarietan oinarrituta ondorioztatu zuen ezen, demandatzailea 2023ko otsailaren 16an ordezkari sindikal izendatu zutenerako eta hauteskunde sindikaletara hautagai gisa aurkeztu zenerako, "jakitun zela bere lanpostua kaleratze kolektiboaren eraginpean zegoela", enpresan aurkeztua zutelako, eta "iruzurrez" jokatu zuela haren aurrean "blindatzeko". 

Gizonak epaitegi horren epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta epaia deuseztatzeko eskatu zuen. 

EAEko Auzitegi Nagusiak orain dio "bat datorrela auzialdiko epaiaren arrazoibide zuzen guztiekin deuseztasuna baztertzeko eta, horrekin batera, inolako erreparazio ekonomikorako eskubidea ere bai". 

Gaineratzen duenez, "bere jarduera sindikala ageriko egin zen akordio batez amaitutako kaleratze kolektiboaren negoziazioaren ostean, eta demandatzailearen lanpostua horren eraginpean zegoen; beraz, jarduera horren eragina ez da bat ere". 

Era berean, honako hau adierazten du: "Enpresak alegatutako arrazoi ekonomikoak eta produktiboak frogatuta geratu ziren. Horiek ondorengo negoziazioan aztertu, eta akordioa lortu zen. Horrek egiazkotasun-presuntzio gehigarria ematen dio, zeinari errekurtsoak ez baitio indarrik kentzen, izan ere demandatzaileak sobera zekizkien arrazoi horiek, negoziazioan parte hartu zuelako enpresaren aldetik". 

Epai hau ez da irmoa eta errekurtsoa aurkez daiteke Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salan.