EAEko ANk berretsi egin du bidaia-agentzia bateko arduradun komertzialari ezarritako kondena maula delituagatik
EAEko Auztegi Nagusiak atzera bota du emakume horrek Bizkaiko Auzitegiaren epaiaren aurka jarritako errekurtsoa. Epai horrek urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion, bai eta isuna ere, 2021ean iruzur egiteagatik Aupa Travel S.L. agentziarekin ezkontza-bidaia kontratatu zuen bikote bati, bera agentziaren arduradun komertziala zelarik. Bizkaiko Auzitegiaren ebazpenean, EAEko Auzitegi Nagusiak orain berretsitakoan, gogorarazi egiten da akusatuak badituela aurrez beste kondena irmo batzuk maula delituengatik, eta, hortaz, berrerortze anitzeko astungarria gertatzen da.
- Egilea
- Comunicación Poder Judicial
Bilbao, 2025eko uztailaren 29a.-
EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiak joan den maiatzean bidaia-agentzia bateko arduradun komertzialari ezarritako urte eta erdiko espetxe-zigorra eta zortzi hilabeteko isuna, –eguneko sei euro (1.440 euro) –, maula delitu batengatik, berrerortze anitzeko astungarria ere gertatzen dela.
EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egiten du akusatuak Bizkaiko Auzitegiaren ebazpenaren aurka jarritako errekurtsoa. Ebazpen horren arabera, frogatutzat jo zen emakume horrek iruzur egin ziola 2021ean Aupa Travel-ekin ezkontza-bidaia kontratatua zuen bikote bati, agentzia horretan arduradun komertziala bera zelarik; izan ere, «ondare-onura bidegabea lortzeko asmoz», interesdunei sinetsarazi zien bidaia egin egingo zela, baina ez zen hala izan, eta ez zien itzuli bidaiarengatik aldez aurretik aurreratu zioten dirua.
EAEko Auzitegi Nagusiaren ustez, Bizkaiko Auzitegiaren epaian jasotako «egitateen zantzu guztiek» erakusten dute akusatuak ez zuela inoiz «ezkongai-bikotearekin hitzartutakoa betetzeko asmorik izan, eta, gainera, haiek aurreratutako diruari dagokionez «ez zuela ezertxo ere egin hura itzultzeko».
EAEko Auzitegi Nagusiak ezetsi egiten ditu, Bizkaiko Auzitegiak egin zuen bezala, apelatzailearen alegazioak, alegia, ez zela engainurik izan eta bidaia eten egin zela COVID-19aren ondorioz. Auzitegiak gogorarazten du akusatuak ez duela inongo frogarik aurkeztu kontratatutako bidaia ez gauzatzeko arrazoiak justifikatzeko.
EAEko Auzitegi Nagusiak gaineratzen du auzialdiko auzitegiak "froga baloratzeko eskema logiko" bat garatu duela, eta eskema horri esker bide eman zaiola "akusazioaren tesia arrazoizkoa eta eztabaidaezina dela onartzeari, eta, ondorioz, akusatuaren errugabetasun-presuntzioa indargabetzeari, edozein arrazoizko zalantzaren gainetik".
Bizkaiko Auzitegiaren ebazpenean, orain EAEko ANk berretsitakoan, gogorarazten da akusatuak badituela aurrez beste kondena irmo batzuk maula delituen kariaz, eta, hortaz, berrerortze anitzeko astungarria gertatzen dela.
EAEko ANren epaia ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.