EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako LEParen deuseztasuna, 100 administrari lanposturi zegokiena, euskararen eskakizuna dela eta

EAEko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi egiten du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1 zk.ko Epaitegiaren epaia, zeinaren bitartez deuseztatu egin baitzen Gipuzkoako Aldundiak 2023an egindako lan-eskaintza publikoaren deialdia eta oinarriak onartu zituen akordioa, eskaintzen ziren administrari 100 lanpostutan euskara jakitea (2. HE eta 3. HE) eskatzeagatik

Egilea
Comunicación Poder Judicial

EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak Donostiako epaitegi baten ebazpena berretsi du. Ebazpen horrek, joan den otsailean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako 100 administrari lanpostuko EPE bat deuseztatu zuen, zuzenbidearen araberakoa ez zela iritzita, eskaintzen ziren lanpostu guztietan euskaraz jakitea eskatzen zelako. 

EAEko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Gipuzkoako Aldundiak jarritako errekurtsoa, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1 zk.ko Epaitegiak emandako epaiaren aurka jarritakoa; epaiak arrazoia ematen zion partikular bati, Foru Aldundiaren 2023ko abenduaren 12ko akordioa ­lan-eskaintza publikoaren deialdia eta oinarriak onartzekoa­ errekurritu zuena. 

Zehazki, prozedura honen jatorri den Foru Aldundiaren akordioak administrarientzat 100 lanpostu lehiaketa-oposizio bidez hornitzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiten zuen (81 sarbide orokorreko txanda ireki bidez, 9 desgaitasuna duten pertsonentzako txanda ireki bidez eta 10 barne-sustapeneko txanda bidez). 

Horietatik, 96 lanpostutan derrigorrezko 2. hizkuntza-eskakizuna eskatzen zen eta gainerako 4etan derrigorrezko 3. hizkuntza-eskakizuna. 

Hau da, eskainitako lanpostu guztietan euskara jakitea baldintza zen; ildo beretik auzitegiak dioenez "gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundian dauden 340 administrari-lanpostuen artean, lanpostu bakarra dago derrigortasun-data igarota ez duena". 

Hori horrela, "euskararen eskakizunak administrari lanpostuen % 99ri baino gehiagori eragiten die, eta aurkaratutako deialdiaren kasuan eskainitako lanpostuen % 100ari", gaineratu du auzitegiak. 

"Bada, -Salak dioenez- kontua da administrazio apelatzaileak (Gipuzkoako Foru Aldundia) ez duela justifikatu deialdiaren xede diren 100 lanpostu horietan euskara jakiteko eskakizuna ezinbesteko betebeharra denik, herritarrek administrazioarekiko hartu-emanetan beraiek aukeratutako hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatua izan dezaten". 

Eskubideen arteko oreka 

«Ezin dugu alde batera utzi – azpimarratzen du auzitegiak – eskubide hori enplegu publikora berdintasun-baldintzetan iristeko oinarrizko eskubidearekin uztartu behar dela, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduteko moduak eskubide horretaz gabetzen du probintzia horretako biztanleriaren erdia baino gehiago", dio EAEko ANk. 

EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ondorioztatzen duenez, "beharrezkoa da oreka bilatzea herritarrek Administrazioarekiko harremanetan euskaraz aritzeko duten eskubidearen eta gaztelania hiztunek kargu publikoak betetzeko duten eskubidearen artean", eta honako hau dio: "Administrazioari dagokio bi eskubideak bermatzeko bidea bilatzea, eta ezin du funtzionario bakoitzaren gainean utzi biztanleriaren erdia baino gehiago diskriminatzea dakarren betebehar bat". 

Epai hau ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.