Vitoria-Gasteizko epaitegi batek ahozko judizioa ireki die Osakidetzaren 2016-2017ko EPEko azterketa bat filtratu izanaren bi akusatuei

Arabako Probintzia Auzitegia da auzia epaitzeko organo eskuduna

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Vitoria-Gasteizko Auzialdi Auzitegiko Instrukzio Ataleko 2 zk.ko plazak erabaki du ahozko judizioa irekitzea Osakidetzako 2016-2017ko EPEko azterketa filtratzea egotzi zitzaien bi akusatuei, eta, horren ildotik, Arabako Probintzia Auzitegia deklaratu du auzia epaitzeko organo eskudun. 

Auto horren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu, eta bertan akusazioa egiten da 2018ko maiatzaren 20an Vitoria-Gasteizen egin zen Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearen espezialitateko azterketarekin zerikusia duten bi pertsonaren aurka, hots, artean Donostiako Ospitalean espezialitate horretako zerbitzuburu zenaren aurka, eta oposiziogile baten aurka. 

Fiskaltzak autoan jasotako akusazio-idazkiaren arabera, lehenengoari sekretuak agerrarazi izanaren delitu bat leporatzen zaio, herri-administrazioari nahiz hirugarrenei kalte larria eragiten diena, Zigor Kodearen 417.1 artikuluaren bigarren lerrokadan aurreikusia eta zigortua; bigarrenari, berriz, sekretuak agerrarazteko delitu-saiakuntza bat, herri-administrazioari edo hirugarrenei kalte larria eragiten diena, Zigor Kodearen 418.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. 

Fiskaltzak dioenez, 2018ko martxoaren 5ean, Donostiako Ospitaleko Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzailearen espezialitateko zerbitzuburuak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) enkargua jaso zuen, espezialitate horretako azterketa teorikoko 50 galdera prestatzeko, «konfidentzialtasun-kontratu bat sinatuz eta funtzionario publiko gisa», eta galdera horiek beste akusatuari "filtratu" zizkion, garai hartan bere semearen bikotekide sentimentala zenari alegia. 

Hori horrela, oposiziogileak 2018ko maiatzaren 20an egindako azterketan lortu zuen puntuazioa "gainerakoen oso gainetik" geratu zen. 

Akusazio-idazkian adierazten denez, azterketa teorikoaren eta praktikoaren arteko atsedenaldian oposiziogileari ohartarazi egin zitzaion susmoak bazeudela bere notari zegokionez, eta, uko egiteko gomendatu zioten arren, azterketan jarraitu zuen harik eta maiatzaren 22an lan-eskaintza publikoan jarraitzeari uko egin zion arte. Uko egite hori onartu egin zen, eta, hortaz, amaieran argitaratutako izangaien zerrendatik kendu egin zuten. 

Fiskaltzak bi urteko espetxealdia eskatzen du zerbitzuburuarentzat, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza bereziko bost urte. Andrearentzat, berriz, urtebeteko kartzela eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia eskatzen du, kondenak irauten bitartean; bai eta zortzi urtez dirulaguntza nahiz laguntza publikoak, eta etekin edo pizgarriak —izan fiskalak edo Gizarte Segurantzarenak— lortzeko aukeraz gabetzea. 

Joan den irailean, Arabako Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen Osakidetzako 2016-2017ko EPEko azterketen ustezko filtrazioengatik ikertutako 19 lagunetatik 17ren jarduketak artxibatzea. Halaber, baliogabetu egin zuen instrukzio-epaitegiak erabakitako behin-behineko artxibatzea, Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzaile espezialitatearekin lotutako bi inputatu horientzat.