Gipuzkoako Auzitegiak 71 urteko kartzela-zigorra ezarri dio surf-irakasle bati hamaika adingaberi sexu-abusua egiteagatik

Gipuzkoako Auzitegiak 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-abusuko lau delituren egile gisa kondenatu du, nagusitasun-egoeraz baliatu izanaren modalitatean; 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-abusu jarraituaren beste lau delitu, nagusitasun-egoeraz baliatu izanaren modalitatean; 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-abusu jarraituaren hiru delitu, nagusitasun-egoeraz baliatuz egindako haragizko sarbidedun modalitatean, eta haurren sexu-esplotazioko materiala izatearen delitu bat

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Gipuzkoako Auzitegiak 71 urte, 5 hilabete eta 9 eguneko kartzela-zigorra ezarri dio surf-monitore bati hamaika adingaberi sexu-abusua egiteagatik eta haur-esplotazioko materiala edukitzeagatik. 

Auzitegiak sexu-abusuko hamaika delituetako bakoitzagatik 4 urte eta egun bat eta 12 urte arteko espetxe-zigorra ezartzen dio, delitu horien larritasunaren arabera eta egitateak gertatu ziren unean indarrean zegoen Zigor Kodeari jarraiki, bai eta 5 hilabeteko espetxe-zigorra ere, haurren sexu-esplotazioko materiala edukitzeagatik. 

Zehazki, 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-abusuko lau delituren egile gisa kondenatzen du, nagusitasun-egoeraz baliatu izanaren modalitatean; 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-abusu jarraituko beste lau delituren egile gisa, nagusitasun-egoerazko modalitatean; eta 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-abusu jarraituko hiru delituren egile gisa, haragizko sarbidedun modalitatean, nagusitasun-egoeraz baliatuta honetan ere, eta, azkenik, haurren sexu-esplotazioko materiala edukitzeagatiko delitu gisa. 

Espetxe-zigorrez gain, Salak ezartzen du akusatuak 3.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko kalte-ordainak emango dizkiela biktimei, eta beste neurri batzuk ezartzen ditu, hots, zaintzapeko askatasuna eta biktimengana hurbiltzeko eta haiekin komunikatzeko debekua, bai eta adingabeekin harreman erregularra eta zuzena izatea dakarren edozein lanbide, ogibide edo jardueratarako desgaikuntza, horiek guztiak ordainpekoak izan edo ez. 

Epai hau ez da irmoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian errekurritu daiteke.