EAEko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du ELAk eta LABek EAErako “gutxieneko soldata edo ordainsaria" negoziatzeari Confebaskek emandako ezetzaren aurka jarritako demanda

Bi sindikatuek EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salari eskatu zioten legez kanpokotzat jotzeko Confebask patronalak EAEn lanbide arteko akordioa negoziatzeko mahaia eratzeari — langile guztientzako "gutxieneko soldata edo ordainsaria" hitzartzeko xedea zuena— ezetza ematea, Langileen Estatutuak jasotzen duen fede onez negoziatzeko betebeharraren aurkakoa zela iritzita

Egilea
Comunicación Poder Judicial

EAEko ANko Lan-arloko Salak ezetsi egin du ELAk eta LABek jarritako demanda, Confebask euskal patronalak Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide arteko akordio bat negoziatzeko mahai bat eratzeari emandako ezezkoaren aurka jarria. Mahai horren xedea EAEn lan egiten duten langileentzako "gutxieneko soldata edo ordainsaria" finkatzea zen. 

Sindikatu horiek EAEko ANri eskatu zioten Confebasken ezezkoa legez kanpokotzat jotzeko, uste baitzuten Langileen Estatutuan jasotako fede onez negoziatzeko betebeharraren aurkakoa zela. 

EAEko Auzitegi Nagusiaren ustez, ordea, patronalaren ezetza justifikatuta dago, gai hori ezin baita zentral demandatzaileek sustatutako negoziazioaren xede izan. 

Auzitegiak zehaztu du zentralek eskatzen duten "gutxieneko soldata edo ordainsari" horrek "EAEn lan egiten duten pertsona guztiei” eragingo liekeela, eta, ondorioz, ez litzatekeela " hitzarmeneko soldata profesionala ", baizik eta "lanbide arteko gutxieneko soldata edo ordainsaria", "pertsona langile guztiei" aplikatuko bailitzaieke. 

Auzitegiak gogorarazi du Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) dela lan-legeriaren mende dauden langile guztientzako gutxieneko muga edo zoru komuna, ekoizpen-sektorerik, lanbide-mailarik, kontratu-modalitaterik eta sexu edo adinik bereizi gabe; eta zehaztu du Langileen Estatutuaren 27. artikuluak Espainiako Gobernuari esleitzen diola urtero finkatzea, ordezkaritza handieneko sindikatuei eta enpresa-elkarteei kontsulta egin eta gero. 

EAEko Auzitegi Nagusiak eransten du Konstituzioan jasota dagoen negoziazio kolektiboa izan ohi dela biderik egokiena soldatak finkatzeko, baina zehazten du negoziazio kolektiboaren eginkizun hori ezin dela zabaldu lanbide arteko gutxieneko soldata edo gutxieneko ordainsaria finkatzera langile guztientzat, zentralek aurkeztutako demandako uzian jasotzen den termino zehatz-mehatzetan, gai hori Gobernuaren eskumena delako eta "negoziazio kolektibotik at dauden gaiei" eragiten dielako. 

Ondorioz, “EAEko lurralde-eremuan lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata edo ordainsaria negoziazio kolektiboaren xede ez den neurrian —lanbide arteko akordioa, honako honetan— ezin da esan demandatutako erakundeak bere negoziazio-betebeharra urratu duenik, zeina, oro har, Langileen Estatutuaren 89. artikuluan ezartzen baitzaio”, ondorioztatzen du EAEko Auzitegi Nagusiak. 

Epai hau ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.