Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko espetxe-zigorra ezarri dio gizon bati bere bikotekidearen alabari sexu-erasoa egiteagatik, adingabea zela

Auzitegiak adingabearen aurkako sexu-erasoaren delitu jarraitu baten egile jotzen du, sarketarekin eta nagusitasun-egoeraz baliatuta. Egitate frogatuen arabera, erasoak 2008an hasi ziren, biktimak 10 urte zituela, eta 5 urtez luzatu ziren

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 urteko espetxe-zigorra ezarri dio gizon bati, bere bikotekidearen alabari sexu-erasoa egiteagatik, adingabea zela. 

Frogatutako egitateen arabera, 2008an biktimak 10 urte zituela hasi ziren erasoak, eta 2013ra arte luzatu ziren. Gazteak familia-etxebizitza utzi zuen 2021ean, eta 2022ko urrian jarri zuen salaketa. 

Auzitegiak balioa ematen dio biktimaren deklarazioari, behar duen barne-koherentzia baitu, kontraesan nabarmenik gabe; izan ere, adierazten duenez, haren bertsioaren funtsezko alderdiak ez dira aldatu salaketa jarri zuenetik epaiketara arte. 

"Bere lekukotasuna argia da, inolako anbiguotasunik gabea, kontraesanik gabea eta zehatza", dio Bizkaiko Auzitegiak, eta, era berean, baztertu egiten du biktimaren deklarazioa akusatuarekiko erresumin-, mendeku- edo etsaitasun-arrazoiengatik eman denik. 

Gainera, auzitegiak dio haren bertsioak «akusatuaren jokabideari buruzko kanpoko berrespen objektiboak izan dituela bai izaera pertsonalekoak, bai izaera perizialekoak», eta defentsak aurkeztutako beste deskargu batzuek ez dituztela zalantzan jarri. 

Hori guztia akusatuarekiko "kargu-froga nahikoa da, berme guztiekin egin dena osoko bilkuran, haren errugabetasun-presuntziorako eskubidea ahultzeko"; Bizkaiko Auzitegiak uste du, halaber, "nagusitasun-harremanaz" baliatu zela, biktimaren amaren bikote sentimental eta neskaren guraso gisa zeukan rola zela eta. 

Auzitegiaren ustez, ordea, ez da frogatu akusatuak, "biktimaren osotasun morala kaltetzeko asmoak eramana", "bere lagunei edo alabari behin baino gehiagotan proposatu zienik sexu-harremanak izatea elkarren artean eta gauzatu zirenik". 

Horri dagokionez, Bizkaiko Auzitegiak honako hau dio: "ez da inolako frogarik izan, biktimaren kontakizunaz aparte, berau aski ez delarik, hain zuzen ere hirugarren pertsonen esku-hartzea ekarriko lukeelako ezinbestean, eta kausan pertsona horien existentziaren berririk ere ez delako izan". 

Espetxe-zigorraz gain, auzitegiak erabaki du, beste neurri eta betebehar batzuen artean, akusatuak 35.000 euroko kalte-ordaina ematea emakumeari, kalte moralengatik. 

Epai hau ez da irmoa eta bere aurka errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusian.