Informatika Judiziala eta Barnekoa

Informatika Judiziala

Informatika Judizialaren Sekzioa DOJZENen mende dago gaur egun, eta honako eginkizun nagusi hauek betetzen eta garatzen ditu:

  • Auzitegi eta Epaitegietan baliabide tekniko, elektroniko eta telematikoak erabil daitezen sustatzea, bereziki euskarri informatikoko informazio judizialaren benetakotasuna, osotasuna eta segurtasuna bermatzeko lagungarri direnak.
  • Organo Judizialen erantzukizunpean dauden fitxategi automatizatuak eraginpean hartzen dituzten betekizun eta gainerako baldintzak betetzen direla zaintzea, bereziki Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari eta Segurtasun Erregelamenduari dagokienez.
  • Justizia Administrazioan erabiltzen diren sistema informatikoen bateragarritasuna bermatzea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak “Bateragarritasun Testean” ezarritako betekizunak aplikatuta.
  • Epaitegi eta auzitegietan erabiltzen diren dokumentu-ereduak eta izapidetze-eskemak normaliza daitezen ahalbidetzea, kudeaketa prozesaleko informazio-sistemen bitartez, eta prozedura judizialen erregistro informatikoa homogeneiza dadin sustatzea.
  • Justizia Administrazioaren zerbitzupeko kudeaketa prozesaleko sistema guztiak elkarrekin komunika daitezen bultzatzea, bai eta sistema horien eta Justizia Administrazioarekin lankidetzan jarduten duten organismo eta erakundeen arteko komunikazioa ere, “Puntu Neutro Judiziala” Komunikazio Sarearen bitartez.
  • Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Organo Judizialen arteko komunikazioa sustatzea Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan esleitutako eskumenak baliatzean eta, bereziki, datuak estatistiketarako biltzea kudeaketa prozesaleko informazio-sistemetatik zuzenean.
  • Kontseiluari bere eskumenak betetzen lagunduko dioten informazio-sistemak garatzeari bultzada ematea, eta bereziki, Antolaketa eta Modernizazio Judizialeko Batzordearen premien ondoriozkoak, Kontseiluak dituen baliabide orokorren bitartez.

Barne Informatika

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren barneko Informatika Arloaren eginkizun nagusia zera da, Kontseiluko langile guztiei lana erraztuko dieten hardware eta software tresnak ematea; eta @cgpj.es domeinua duen posta elektroniko korporatiboa kudeatzea eta mantentze-lanak egitea.

Sistema Informatiko Zentrala zehaztu, administratu, konfiguratu eta zaintzen du; sistema hori, fisikoki, Kontseiluaren egokitzetako datuak prozesatzeko zentroetan kokatuta dago eta sisteman sartzen dira zerbitzariak, sareko elementu elektronikoak, datu-sareak, datuak biltegiratzeko sistemak eta bestelako ekipamenduak, bai eta intranet korporatiboa ere.

Aplikazio informatiko korporatibo orokorrak ezartzeko, zaintzeko eta eguneratzeko lanak zuzentzen eta egiten ditu: Giza baliabideak eta nominak kudeatzea, kontratazioa kudeatzea, kudeaketa ekonomikoa eta kontabilitatea, erregistro orokorra, langileen presentzia kontrolatzea, bisitarien sarbidea kontrolatzea, biltegia kontrolatzea, inbentarioa, prentsa; BJKNaren jardueran espezifikoagoak diren aplikazioak –korporatiboak eta departamentuetakoak–: ikuskaritza, salaketak eta kexak kudeatzea, prestakuntza eta abar.

Era berean, aholkularitza-lanak egiten ditu, eta kontratazio informatikoan beharrezkoak diren txosten teknikoak egiten ditu, bere eskumeneko proiektu informatikoetan enpresa lizitatzaileek aurkezten dituzten eskaintzen balioespen teknikoa egiten du eta proiektu horiek gauzatzen direnean zuzentzen ditu.