EAEko Auzitegi Nagusiak bi kondena berretsi ditu Gipuzkoako Auzitegian sexu-abusuengatik, eta bi kasuetan biktimen lekukotzaren sinesgarritasuna bermatu du

EAEko Auzitegi Nagusiak gogorarazi du biktimaren deklarazioa "kondena bati eusteko froga nahikoa" izan daitekeela, betiere hiru parametro betetzen baditu: sinesgaiztasun subjektiborik eza, lekukotzaren egiantzekotasuna – barneko eta kanpoko koherentziak berretsita – eta inkriminazioan irautea

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) berretsi egin ditu Gipuzkoako Auzitegiak emandako bi epai, non bi gizonezko sexu-abusuengatik zigortu baitziren, eta biktimen lekukotzaren sinesgarritasuna bermatu du.

Lehenengo ebazpenean, apirilaren 2koan, EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak berretsi egin zuen Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalaren 2024ko urtarrilaren 11ko epaia, lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri ziona gazte bati, etxean lo egiten geratu zen lagun mozkor bati sexu-abusuak egiteagatik.

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du auzipetuak jarritako errekurtsoa; zeinean, besteak beste, alegatu baitzuen harremana onartua izan zela, eta, gainera, neskak bilatu zuela, eta kondena haren lekukotzan soilik oinarritu zela, zeinak ez baitzuen sinesgarritasunik.

EAEko Auzitegi Nagusiak gogorarazi du biktimaren deklarazioa "kondena bati eusteko froga nahikoa" izan daitekeela, betiere hiru parametro betetzen baditu: sinesgaiztasun subjektiborik eza, lekukotzaren egiantzekotasuna – barneko eta kanpoko koherentziak berretsita – eta inkriminazioan irautea.

Kasu honetan, EAEko Auzitegi Nagusiak argudiatu du Gipuzkoako Auzitegiak koherentzia eta iraunkortasuna zehaztu zituela salatzailearen deklarazioan, "akusatuaren zentzurik gabeko" errugabetze-bertsioaren aurrean, zeina lehen auzialdiko auzitegiak "entelekia hutsa" zela adierazi baitzuen.

Gainera, zehaztu duenez, Gipuzkoako Auzitegiak "xehatu" egin zituen bien deklarazioak, arrazoitu egin zituen gizonaren "errugabetze-bertsioaren arrazoi zentzugabeak", eta biktimaren lekukotza "zabal" erkatu zuen beste froga batzuekin.

Bigarren ebazpenean, apirilaren 16koan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalaren beste epai bat, 2023ko azaroaren 10ekoa, eta zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zion gizon bati, 16 urteko adingabe bati sexu-abusuaren delitu egitea egotzita.

Kasu honetan, Gipuzkoako Auzitegiak frogatutzat jo zuen auzipetuak, biktimaren lagunak, felazio bat egitera behartu zuela adingabea, eta bere helburua lortzeko baliatu zituela haren gabeziak, arazoak eta zaurgarritasun psikologikoa, ezagutzen zituelako zirkunstantzia horiek.

EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako bere errekurtsoan, auzipetuak, besteak beste, adingabearen deklarazioaren kontraesan eta zehaztasunik ezak alegatu zituen, bai eta haren aurkako arrazoi faltsuak erabiltzea ere.

Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren ustez, lehen auzialdiko epaian jasotako egitate frogatuen zehaztapena "adingabearen lekukotzaren sendotasunetik eta koherentziatik abiatzen da", “prozedurak aurrera egin ahala, instrukziotik ahozko judizioraino, akusatuak egin izan dituen aldaketekin kontrajarrita”.

"Ez dago baieztatutako biktimaren sinesgarritasun subjektiboa murrizten duen daturik, ez ikuspegi kognitibo-intelektualetik, ez errekurtsogilearen aurkako arrazoi faltsuen balizko existentziatik ", dio EAEANk.

Azken horri dagokionez, EAEko Auzitegi Nagusiak honako hau gaineratu du: "bereziki esanguratsua da ez zela adingabea izan egitateak salatu zituena, haren izeba baizik, ustekabean entzun zuen elkarrizketa baten ondorioz". Era berean, kondenaren berrespen periferikoko elementuak ere izan direla gogorarazi du.

Bi epaiok ez dira irmoak, eta Auzitegi Gorenean errekurritu daitezke.