1915eko sutea

1915eko maiatzaren 4an, asteartea, sute batek erabat suntsitu zuen Justizia Jauregia, Auzitegi Gorenaren eta Madrilgo Lurralde eta Probintzia Auzitegien egoitza zena. Sua arratsaldeko ordu batak aldera hasi zen artxibategian, fatxada nagusiaren teilatupeetako batean kokatua, eta azkar asko zabaldu zen eraikin guztian zehar.

Garai hartako egunkariek diotenez, bere etxeko balkoitik begira zegoen 8 urteko haur batek eman zuen abisua leihotik irteten zen kea ikusita.

Jauregiaren barnean, beste edozein lanegunetan bezala, epaileak, funtzionarioak eta abokatuak zeuden. Bertan ziren ere Salesas-etan lanean ari ziren atezainen eta guardia zibilen 20 familia, eraikinaren goiko partean eta sotoan bizi baitziren. Pertsona guztiak eraikinetik atera behar izan ziren eta egun hartan ziegan zegoen preso bakarra toki seguru batera eraman. Egunkarien kronikek suhiltzaileen, boy scout-en, guardia zibilen, funtzionarioen eta langileen ausardia eta ahalegina goraipatu zituzten, pertsonei laguntza eman eta sutetik dokumentuak, koadroak eta bitxiak salbatzeko, Justiziaren Lepokoarekin batera.

Egun hartan pertsona batek bizitza galdu zuen, auzitegietako idazkari-errelatorea zen José María Armadak. Bere bulegoan zituen paper batzuk bildu ondoren erori zenean hil zen.

Salesas-etan gertatutako sutearen berria Madrilen barna zabaldu zen. Alfontso XIII. erregea bertara hurbildu zen, bestelako agintariek lagundua, sutearen berri izateko. Baliteke sutearen jatorria berogailuetako baten tximiniaren gainberotzea izatea, Madrilen egiten zuen hotzaren ondorioz bi egunetan zehar piztuta egon baitziren. Erregeak Jauregi berri bat lehenbailehen eraikitzeko beharra azpimarratu zuen. Lanek hamar urtez iraun zuten.