Osoko bilkura

Mesa Pleno

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide guztiek osatzen dute.

Osoko bilkura ohiko saioan bilduko da, Lehendakariak deituta, hilean behin. Ezohiko saioa egingo da Lehendakariak hala erabakitzen badu, edo bost Batzordekidek eskatuko balute, aurreko artikuluan azaldutako eskumenen erabilerarako. Era berean, ezohiko saioa egingo da Osoko bilkurari atxikitako eskumenen bat epe barruan betetzeko.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Lehendakaria aukeratu behar den saioan, Osoko bilkura modu egokian eratzeko, beharrezkoa izango da, gutxienez, hamabi batzordekide bertan izatea. Gainontzeko kasuetan, Osoko bilkura modu egokian eratzeko beharrezkoa izango da beti bertan hamar batzordekide eta Lehendakaria egotea (BJLOko 600 artikuluan).

Bere eginkizunak BJLOaren 559. artikuluan jasota daude. Gai hauetaz arduratuko da esklusiban:

  1. Konstituzio Auzitegiko magistratu izateko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari proposatzea dagokion bi kideak izendatzeko proposamena egitea, hiru bostenen gehiengoz. Proposamena hiru hilabeteren buruan egin beharko da, aurreko agintaldia amaitu eta biharamunetik zenbatzen hasita (epe hori ezarri zuen 8/2022 Lege Organikoak, uztailaren 27koak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 570 bis eta 599 artikuluak aldatzekoak).
  2. Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea izendatzeko proposamena egitea, lege organiko honetan aurreikusitako moduan, eta Estatuaren Fiskal Nagusia izendatzeko aurretiazko txostena egitea.
  3. Auzitegi Goreneko presidenteordearen eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko idazkari nagusiaren eta idazkariorde nagusiaren izendapena proposatzea, lege organiko honetan aurreikusitako moduan.
  4. Hein bateko irizpidezkotasuna eta merezimendu balioespena eskatzen duten izendapen eta sustapenetarako izendapen edo proposamen guztiak egitea.
  5. Estatuko konstituzio organoen arteko eskudantzia gatazka aurkeztea.
  6. Batzordeak osatuko dituzten bokalak izendatzea.
  7. Erregelamendu ahala baliatzea, lege honetan aurreikusitakoaren arabera.
  8. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrekontua onartzea eta haren gauzatzearen kontu-ematea jasotzea.
  9. Urteko memoria onestea.
  10. Diziplina espedienteak ebaztea, haietan proposatzen den zehapena karrera judizialetik botatzea den kasuetan.
  11. Diziplina Batzordearen zehapen erabakien aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea.
  12.  Gobernuak edo legegintza ganberek irizpena emateko aurkezten dizkioten lege aurreproiektuei edo xedapen orokorrei buruzko txostenak onestea.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari aplikagarria zaion araubide juridikoa

Legez ezarritako epe barruan berritu ez izanaren ondorioz Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia jarduneko organo bihurtzen denean, haren jarduera mugatuko da Botere Judizialaren Lege Organikoaren 570 bis artikuluan ezarritako eskudantzietara. Artikulu hori sartu zuen 4/2021 Lege Organikoak, martxoaren 29koak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duenak eta jarduneko Botere Judizialari aplikagarria zaion araubide juridikoa ezartzen duenak. 

  1. Konstituzio Auzitegiko bi magistratu izendatzeko proposamena egitea, 599.1.1.ª artikuluan aurreikusitako moduan (eskudantzia hau sartu zuen 8/2022 Lege Organikoak, uztailaren 27koak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 570 bis eta 599 artikuluak aldatzekoa).
  2. Gobernuak entzuera ematea Estatuko fiskal nagusia izendatu aurretik.
  3. Epaile eta magistratuen aukeraketan parte hartzea, legez aurreikusitako moduan.
  4. Dagokiona ebaztea epaile eta magistratuen prestakuntza eta hobekuntzan, destino esleipenean, maila igoeretan, administrazio egoeretan eta diziplina araubidean.
  5. Auzitegien goi ikuskari izatea, eta halaber auzitegietako presidenteen eta gobernu salen ikuskatze jarduera arrunta gainbegiratzea eta koordinatzea.
  6. Auzitegi Gorenak eta gainerako organo judizialek emandako epai eta hala erabakitzen den gainerako ebazpenen argitalpen ofizialaz arduratzea.
  7. Eskola Judizialaren funtzionamendua bermatzea eta prestakuntza programak eguneratzea.
  8. Erregelamendu ahala baliatzea gai hauetan:

    a) Egintzabide judizialen publikotasuna.
    b) Ebazpen judizialen argitalpena eta berrerabilera.
    c) Egunak eta orduak baliodun bihurtzea, eta entzuera publikorako orduak zehaztea.
    d) Organo judizialak beren egoitzatik kanpo eratzea.
    e) Jurisdikzio organoen guardia araubidea.
    f) Espainiako jurisdikzio organoek barneko eta nazioarteko lankidetzaren gaian duten jarduera antolatzea eta kudeatzea.
    g) Epaile eta magistratuen estatutua osatzen duten eskubide eta betebeharrak baliatzeko kondizio lagungarriak, eta halaber epaile elkarteen araubide juridikoa, betiere erregelamenduzko garapen horrekin legezko erregulazioa berritu edo aldatu gabe.
  9. Bere zerbitzura dituen funtzionarioen lanpostu zerrenda onestea.
  10. Datuen babesaren gaian kontrol agintaritzarekin lankidetzan aritzea Justizia Administrazioaren eremuan.
  11. Herritarren kexak jasotzea Justizia Administrazioarekin zerikusia duten gaietan.
  12. Beren aurrekontua prestatzea eta gauzatzea, lege organiko honetan aurreikusitako moduan.
  13. Organo judizialen batean beharrezko diren neurri indargarriak proposatzea, haien beharra justifikatu ondoren.
  14. Txostena egitea Justizia Administrazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko ondare erantzukizunaren espedienteetan.
  15. Etika Judizialaren Printzipioak bildu eta eguneratzea eta ezagutzera ematea, bai eta Estatu barruko zein nazioarteko bestelako erakunde eta elkarte judizialen artean sustatzea ere.
  16. 561. artikuluan xedatutakoaren arabera hari dagozkion lege aurreproiektuei eta xedapen orokorrei buruzko txostenak egitea.