EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Eroskiko langile bat kaleratzea bidezkotzat jo zuen epai bat, bezero baten diru-zorrotik 15 euro lapurtzeagatik

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Lan-arloko Salak ezetsi egin du langileak jarritako erregutze-errekurtsoa, eta berretsi egin du Bilboko Lan-arloko 7 zenbakiko Epaitegiak emandako ebazpena

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko Lan-arloko 7 zenbakiko Epaitegiaren epaia, Eroskiko langile baten kaleratzea bidezkotzat jo zuena, bezero baten diru-zorrotik 15 euro lapurtzeagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Lan-arloko Salak ezetsi egin du langileak epai horren aurka jarritako erregutze-errekurtsoa, eta ukatu egin du benetako babes judizialerako eskubidea urratu zaiola, ezin izan dituelako ikusi establezimenduko bideozaintzako kamerek grabatutako irudiak ahozko judizioa baino lehen.

Instantziako epaitegiak frogatutzat jo eta orain EAEANk berresten dituen gertaeretan jasotzen denez, Eroskik kooperatibista kanporatzea erabaki zuen, 2002ko irailaren 24an gertatutako laneko hutsegite oso larriagatik.

Egun horretan, kooperatibistaren lantokiko bideozaintzako kamerek grabatutako irudien arabera, galdutako objektuak uzten diren lekuko diru-zorro bat hartu zuen, ireki egin zuen, barruko dirua hartu, hotz-ganberara joan zen eta, ondoren, diru-zorroa bere lekura itzuli zuen.

EAEko ANk uste du ez dela defentsa-gabeziarik gertatu demandatzaileak ezin izan dituelako ikusi bideozaintzako kamerek grabatutako irudiak ahozko judizioaren aurretik.

"Izan ere, aurkaratutako epaiak dioen bezala, ahozko judizioan grabazio horiek ikusi ziren, eta horrek ahalbidetu dio instantziako magistratuari, arrazoitzen duen bezala, gertatutako egitateak egiaztatutzat jotzea", dio EAEANk.

Demandatzaileak errekurtsoan argudiatzen du bideoa editatuta dagoela eta "gertatutakoaren ikuspegi partziala ematen duela".

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak azaldu duenez, "zentzuzkoa da grabazioak editatzea eta irudi jakin batzuk bakarrik ikustea; izan ere, bestela, irudiak ikusteak orduak iraun lezake, eta ezinezkoa da hori onartzea".

EAEko Auzitegi Nagusiak martxoaren 19ko data duen epaian ondorioztatzen duenez, «benetan garrantzitsuena da ikusi direla, epailearen ustean, enpresak demandatzailea kanporatzea erabakitzeko egotzitako egitateak egiaztatzen dituzten irudiak». Epai hori ez da irmoa, eta haren aurka errekurtsoa jar daiteke Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salan.