Ikasturte honetako "Justizian heztea" programaren hirugarren fasea hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan, kasu errealen judizioen simulazioarekin

Ekimen honetan 2023-2024 ikasturtean parte hartzen duten 80 euskal ikastetxetatik gorako Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak kasu errealen judizioen simulazioarekin hasi dira, judizio-areto batean epaile batekin hitzaldia jaso eta epaitegi batean judizio batera joan ondoren

Egilea
Comunicación Poder Judicial
Bilboko Botikazar BHIko ikasleek kasu erreal baten judizioa simulatu dute Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregiko judizio-areto batean
Bilboko Botikazar BHIko ikasleek kasu erreal baten judizioa simulatu dute Bizkaiko hiriburuko Justizia Jauregiko judizio-areto batean

EAEko Justizia Jauregiak martxoan hasi dira "Justizian heztea" programaren hirugarren edizio honetan parte hartzen duten euskal ikastetxeen kasu errealen judizioen simulazioa egiten. Programa horren bidez, sistema judizialaren funtzionamendua Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta LHko ikasleei hurbildu nahi zaie.

 

Joan den urrian hasi zen ekimen honen edizio berria. Hiru zati edo saiotan egituratuta dago, eta aurten 80 euskal ikastetxek baino gehiagok bat egin dute. 

Programa hitzaldi batekin hasten da. Hitzaldi horretan, epaile bat ikastetxera hurbiltzen da Justiziari buruzko oinarrizko gaiak azaltzera; bigarren saio batean, ikasleak epaitegi batera joaten dira, instalazioak bisitatzen dituzte eta judizio batera joaten dira; eta, programa ixteko, aldez aurretik prestatutako kasu erreal baten judizioaren simulazioa egiten da egoitza judizial batean.

Hala, martxoan, lehenengo bi faseak amaitu dituzten ikastetxeak judizio-aretoetan kasu errealen judizioen simulazioa egiten hasi dira.

Horrela, ikasleak judizio batean esku hartzen duten alderdi guztien zereginean sartuko dira kasu erreal bat irudikatzeko, une horretara arte haiekin lan egin duen epailearen gidarekin.

Programa euskaraz edo gaztelaniaz antolatzen da, eta helburua da ikasleek sistema judizialaren funtzionamenduari buruzko ezagutza nahikoa izatea, jurisdikzio-ordenak zein diren jakitea (zibila, penala, administrazioarekiko auzietakoa eta lan-arlokoa), judizioa nola garatzen den eta alderdi bakoitzak zer funtzio betetzen duen jakitea.

Gainera, garrantzi berezia ematen zaie, besteak beste, genero-indarkeriari, eskola-jazarpenari, sare sozialen erabilerari eta pribatutasunarekiko errespetuari, bai eta adingabearen erantzukizun penalari ere.

"Justizian heztea" Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Komunikazio Bulegoak (BJKN) sustatutako ekimena da, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren partaidetza du. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila arduratzen da, Justizia Sailburuordetzaren bitartez, ANrekin batera antolatzeaz.

Programa hau 2019-2020 ikasturtean abiarazi zen Euskadin, pilotu batekin. Bilboko bi ikastetxek parte hartu zuten, baina Covid pandemiak eten egin zuen, eta 2022-2023 ekitaldian ekin zitzaion berriro 48 ikastetxeren parte-hartzearekin.