EAEko Auzitegi Nagusiak bidezkotzat jo du langile bat kaleratzea enpresako bazkari baten ondoren lankide bati eraso egiteagatik

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Lan Arloko Salak arrazoitu duenez, enpresak diziplina arrazoiengatik lanetik kaleratzea ekarri zuten gertakariak larriak izan ziren, "intentsitateagatik eta lankidearen osotasun fisikoan izandako eraginagatik". Lankideari ukabilkadak eman zizkion, eta zauri bat eragin zion, eta zauria josi eta oftalmologoa bisitatu behar izan zuen

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak bidezkotzat jo du langile bat kaleratzea, Gabonetako enpresako bazkari baten ondoren lankide bati eraso egiteagatik.

EAEko ANak ez du onartu langileak aurkeztutako errekurtsoa, eta berretsi egin du Bilboko Lan Arloko 7 zk.ko Epaitegiaren epaia, zeinak kaleratzea bidezkotzat jo baitzuen.

Auzialdiko epaitegiak frogatutzat jotako egitateen arabera, gertaera 2022ko abenduaren 23ko goizaldean gertatu zen, Gabonetan enpresa-bazkari bat egin ondoren, langile demandatzaileak lankide bati eraso egin zionean, ukabilkada batzuk emanez. Eraso horrek zauria eragin zion eta, horren ondorioz, zauria josi behar izan zioten eta oftalmologoarenera joan behar izan zuen. Enpresak kaleratu egin zuen egitate horiengatik.

EAEko ANan jarritako errekurtsoan, langileak argudiatu du egotzitako erasoa ez dela egiaztatu, intzidente bat egon zela, baina baita salaketa gurutzatuak ere, eta berdintasun-printzipioa urratu dela, langile baten salaketa ez delako tratatu bestearen berme berberekin.

EAEko ANak zehaztu duenez, auzialdiko epaitegiak ahozko judizioan izan ziren lekukoen deklarazioen "balorazio zabala" egin du, demandatzailea kaleratzea eragin zuten egitateei buruz bere konbikzioa osatzeko.

Gainera, adierazi du egiaztatutako egitateak "zalantzarik gabe larriak direla intentsitateagatik eta lankide baten osotasunari eragiteagatik, eta eragin argia dutela haren osotasun fisikorako oinarrizko eskubidean", eta erruduntasun-ezaugarria ere badutela, ez baita aldi berean inguruabarrik eman, ez eta errekurtsoan alegatu ere, langile demandatzailearen erruduntasun eta erantzukizun hori murritz dezakeenik".

EAEko ANak Auzitegi Gorenaren (AG) doktrina ere gogorarazi du, irmoa ez den epai batean bere erabakia justifikatzeko. Epai horren aurka errekurtsoa jar daiteke Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salan.