Zer da Gobernu Sala?

Gobernu Sala autonomia erkidegoko auzitegi eta epaitegien barneko gobernu-organoa da. Antolaketa- eta administrazio-funtzioak betetzen ditu.

Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak honako kideak izango ditu: Auzitegiko Lehendakaria, Gobernu Salako Lehendakari ere izango dena; Auzitegiko Saletako Lehendakariak; autonomia erkidegoko Probintzia Auzitegietako Lehendakariak; eta bertan lan egiten duten epaile eta magistratu guztiek hautatutako epaile edo magistratu kopuru bera. Salako kideetako bat, gutxienez, epaile kategoriakoa izango da, kategoria horretako hautagairik ez bada salbu.

Hauez gain, barne egongo dira ere, xede guztietarako kide hautetsi gisa, 166.3 artikuluan xedatutakoaren arabera dagokien jurisdikzioan bete beharreko lanetatik erabat liberatutako dekanoak.

Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala Osoko Bilkuran edo Batzordean elkartuko da. Batzordeak sei kide izango ditu, hiru berezko eta hiru hautetsi. Kideen izendapena Osoko Bilkurari dagokio, eta postu librerik geratzekotan, kide horien ordezkapena ere bai. Hala ere, Batzordeko kide izango da betebehar jurisdikzionalik ez duen Dekanoa, edo haietako bat, bat baino gehiago izatekotan. Batzordea urtero berrituko da proportzio bera mantenduz eta Justizia Auzitegi Nagusiko Lehendakaria izango du lehendakari.

Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkariak Gobernu Salako Idazkariaren funtzioak beteko ditu, legeak berariaz egozten dizkion gainerako funtzioak kaltetu gabe.

Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, gutxienez ere, hilean bitan bilduko da, ebazteko gairik ez balego salbu, eta horrez gain, Justizia Administrazioaren interesekoak diren premiazko gaiak dauden guztietan, Justizia Auzitegi Nagusiko Lehendakariak beharrezkotzat jotzen duenean, kideen heren batek hala eskatzen duenean proposamen arrazoitu bidez eta ebatzi edo erabaki behar den gaia adieraziz, edo Gobernu Idazkariak hala eskatzen duenean bere mendeko bulego judizialei edo Idazkari Judizialei eragiten dieten gaiak jorratzeko xedearekin. Deialdia Lehendakariak egingo du, jorratu beharreko gaiak adieraziz.