Zer da Gobernu Sala?

Gobernu Sala da autonomia erkidegoko epaitegi eta auzitegien barne gobernurako organoa. Antolaketa eta administrazio eginkizunak ditu.

14 kidek osatzen dute eta ordezkaritza izaera dauka; beraz, kideen erdia demokratikoki hautatzen dute autonomia erkidegoko epaile eta magistratuek. Gobernu Salako presidentea Kanarietako Auzitegi Nagusiko presidentea da. Harekin batera, berezko kide dira ere lurraldeko administrazioarekiko auzien bi saletako eta lan arloko bi saletako presidenteak eta bi probintzia auzitegietako presidenteak.

Auzitegi Nagusiko gobernu idazkariari dagozkio Gobernu Salako idazkari eginkizunak, BJLOak berariaz esleitzen dituenak salbu, esaterako, txostenak egitea haren mendeko justizia administrazioko bulego judizialei edo letraduei eragiten dieten auzien kasuan, nolabaiteko jarduketa eskatzen dutelako. Kasu horietan, gobernu idazkariak botoa izango du har litekeen erabakian.

Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala osoko bilkuran edo batzordean eratuko da. Batzordeak sei kide izango ditu, hiru berezko eta hiru hautatu. Kideen izendapena osoko bilkurari dagokio, eta ordezkoena ere bai, plaza hutsik geratuko balitz. Batzordea urtero berrituko da proportzio bera mantenduz, eta Auzitegi Nagusiko presidentea izango du buru.

Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala hilean bitan bilduko da gutxienez, jorratzeko gairik ez bada salbu. Horrez gain, bildu egingo da ere justizia administraziorako premiazkoak diren gaiak aztertu behar diren guztietan; Auzitegi Nagusiko presidenteak beharrezkotzat jotzen duenean; kideen heren batek hala eskatzen duenean, proposamen arrazoitu bidez eta aztertu eta erabaki behar denaren adierazpenarekin; edo gobernu idazkariak hala eskatzen duenean, haren mendeko bulego judizialei edo letraduei eragiten dieten gaiak jorratzeko. Deialdia presidenteak egingo du, jorratuko diren gaiak azalduta.