EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak Hezkuntza Saileko bitarteko langile baten finkotasuna deklaratu du, EBJAren epaia aplikatuz

Epaiak magistratu baten boto partikular bat jasotzen du, magistratu baten ustez, “segurtasun juridikoagatik”, ebatzi baino lehenago, Auzitegi Gorenak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari (EBJA) planteatuko dion arazo prejudizialaren emaitzaren zain egon behar baita, ebazpen horren aplikazioan sortutako zalantzengatik

Egilea
Comunicación Poder Judicial

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Lan-arloko Salak Hezkuntza Saileko garbiketa-zerbitzuko langile baten lan-finkapena aitortu du 2009ko irailetik aurrera bitarteko kontratu batekin, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2024ko otsailaren 22ko epaia aplikatuz.

Auzitegiak atzera bota du Hezkuntza Sailak jarritako errekurtsoa, eta berretsi egin du Gasteizko Lan-arloko 1 zk.ko Epaitegiaren epaia, non langileak jarritako demanda baietsi eta euskal Administrazioarekiko lan-harremanaren finkotasuna deklaratu baitzuen.

Ebazpenean jasotzen denez, langilea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailerako zerbitzuak ematen ari zen, hainbat kontratazio etenda eta denboraldi laburretan zehar 1994tik aurrera.

2001ean garbiketako langileen hautaketa-prozesu batean parte hartu zuen, gainditu egin zuen, baina ez zuen plazarik lortu. Hori dela eta, lan-poltsetan sartu zen, eta bere azken bitartekotasun-kontratua 2009ko irailaren 1ekoa da.

Auzialdiko epaitegiak langile horren lan-harremanaren finkotasuna deklaratu zuen, bere ustez “lan-harreman luzearen ondorioz eta 2009-09-01ean sinatutako azken kontratuaren ondorioz finkotasun juridikoko posizio bat ezarri behar zelako”; izan ere, 2001ean gainditu zuen oposizioak “berekin zekarren lanpostu finko bat eskuratzea, kontratazioko irregulartasunen ondorioz”.

Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du ebazpen hori, eta ezetsi egin du Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoa; izan ere, errekurtsoan argudiatu zuen “demandatzailearen ohiz kanpoko lan-harreman luzea sar daitekeela harreman mugagabe ez-finkoaren kasuan, baina ez finkoaren kasuan, eta, 2001eko deialdiaren fase guztiak gainditu ez zirenez, ez zela plazarik eskuratu, eta horrek eragozten duela finkotasun-egoera bat objektibatzea”.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ziurtatu duenez, kontuan hartu beharreko “irizpidea” Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak otsailaren 22an emandako epaiak adierazitakoa da. Epai horretan ondorioztatzen denez, “aldi baterako kontratazioan gehiegizko eta ezohiko iraupen luzeko kalteak saihesteko eta beraren abusu posiblea saihesteko (…), baldintza bat eta harreman-lotura bat lortzea da ondorioa, lan finko eta iraunkorraren barruan, prekarietate- edo ezegonkortasun-elementurik gabe, hala nola aldi baterako kontratazio mugagabearekin egiaztatzen dena, langile mugagabe ez-finko baten kasuan subsumitzen dena”.

Boto partikularra

EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren erabakia ez da aho batekoa, eta auzitegiko beste bi kideen irizpidearekin bat ez datorren magistratu baten boto partikular bat jasotzen du.

Bere boto partikularrean, magistratuak argudiatzen du, ezen “segurtasun juridikoaren” mesedetan, errekurtsoaren ebazpena eten beharko litzatekeela, Auzitegi Gorenak EBJAri planteatuko dion arazo prejudizialaren emaitzaren zain, Europako auzitegiaren ebazpena aplikatzeko moduari buruzko zalantzak daudelako.

Gainera, gogorarazi du EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren gehiengoak horrelako errekurtsoen aurrean loteslea ez den osoko bilkura batean ezarri zuen irizpidea (9 epaileetako 7ren babesarekin) errekurtsoen izapidetzea etetea izan zela, auzi prejudizial horren emaitzaren zain.

Magistratu horrek aitortzen du Espainian “abusu bat dagoela administrazio publikoen aldi baterako kontratazioan, eta arazo horri irtenbide egokiren bat eman behar zaiola, eta legegileak beharko lukeen bezala, edo administrazio enplegatzaileak eskaintzen ez badu, auzitegiek babestu behar dutela planteatzen den kasu zehatz bakoitzean”.

Hala ere, EBJAren epaiaren ondoren sortu diren zalantzak ere aitortzen ditu, “ziurgabetasun handia eragiten ari baitira Espainiako ikuspegi doktrinal eta judizialean”.

Hori dela eta, “segurtasun juridikoaren” mesedetan eta EAEko Auzitegiaren gehiengoaren irizpideari men eginez, magistratua alderdiei helaraztearen alde agertu da, alderdiek errekurtsoaren izapidea eteteari buruz duten iritzia adieraz dezaten, uste dutenez Auzitegi Gorenak “laster planteatuko duela arazo prejudiziala”.

Beste bi magistratuek, aitzitik, uste dute “gaur egun” ez dela arazo prejudizial hori mahaigaineratu, eta erantsi dute hura aurkezteak ez duela prozedura eteten, eta ondorioztatu dute, atzerapenak ekiditeko, ebazpen hau ematea komeni dela, eta ebazpen hori ez dela irmoa, eta haren aurka errekurtsoa jar daitekeela Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salan.

This Content Component encountered an error