EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak epaile gehiago eskatu ditu Euskadiko planta judizialaren defizitari aurre egiteko
Iñaki Subijanak azpimarratu du planta judizialaren defizita "Euskadiko justizia-sistemaren ahulgunea" dela
- Egilea
- Comunicación Poder Judicial

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak Euskadin plaza judizial gehiago sor daitezen eskatu du, "Euskadiko planta judizialaren defizitari" aurre egiteko, berau baita "justizia-sistemaren punturik ahulena" autonomia-erkidego honetan.
Subijanak baieztapen horiek egin ditu ostiral honetan Bilbaoko Justizia Jauregian, hain zuzen ere, Euskadin 2025-2026 Urte Judizialaren irekiera-ekitaldiaren barruan non Imanol Pradales lehendakariak eta Carmen Adán EAEko fiskal nagusiak ere hitz egin duten, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako ministro Félix Bolaños bertan zelarik, beste hainbaten artean.
Bere hitzaldian, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak Euskal Autonomia Erkidegoko justizia-sistema instituzionalaren egoeraren erradiografia egin du, eta Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientziaren arloko neurriei buruzko 1/2025 Lege Organikoa aplikatzeko prozesuaz mintzatu da.
Adierazi duenez, ebazkizun- eta pilaketa-indizeek «gorantz jarraitzen dute» Euskadin, eta planta judizialaren defizita «justizia-sistemaren puntu ahulena» da, izan ere, 100.000 biztanleko epaileen ratioak zazpi puntu gutxiago baititu Europar Batasuneko batezbestekoaren aldean (17 EBn eta 10,1 EAEn).
Bere hitzetan, epaitegi saturatuenak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako eta Barakaldoko auzialdikoak dira, bai eta Bilbaoko lan-arloko epaitegiak ere, eta ohartarazi du «tentsio-puntuak» ere hasiak direla zigor-arloan, epaitzen batez besteko iraupenaren luzapena dela eta».
1/2025 Lege Organikoa
Subijanak gogorarazi du 1/2025 Lege Organikoaren xedeetako bat dela planta judizialaren defizitari aurre egitea, epaile-plazak sortuz, hauei laguntzeko bulego judizial bat sortu beharrik gabe.
"Gehiegikerian erortzeko beldurrik gabe, esan daiteke helburu hori lortzean datzala, neurri handi batean, legezko helburu horren arrakasta edo porrota, hau da, bai epaitzea, bai epaitutakoa betearaztea zerbitzu publiko eraginkor eta efiziente baten bitartez gauzatzea”, adierazi du.
EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak gaineratu duenez, "Prozesuak arrazoizko epe batean ebazteko aukera emango duen epaile kopuru bat lortzeko, plazen deialdi planifikatu bat egin behar da, kontuan hartuko dituena egungo beharrak eta datozen urteetan karrera judizialeko kide kopuru adierazgarri batek erretiroa hartzean sor ditzakeenak".
"Planta judizialari dagokionez, ordea, gaur egun haizeak ez du jotzen norabide horretan", zehaztu du Subijanak, eta baieztapen hori oinarritu du Euskadin Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko epaitegietan gertatutakoan eta lanpostu judizial berriak sortzearen inguruan jakindakoan.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Ataletako plazak
Subijanak azaldu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideak Sailak Barakaldoko, Bilbaoko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Atal bakoitzean plaza judizial gehigarri bana sortzeko beharra planteatu zuten.
Aitzitik, "Barakaldon plaza bat bakarrik sortzen duen Errege Dekretua argitaratu da, barruti judizial horretako Instrukzio Ataleko bat kenduz eta eraldatuz". Subijanaren arabera, erabaki hori "deshazkundearen teoria ekonomikoaren postulatuetako bat da: gutxiagorekin gehiago lortu behar da".
Defizita planta judizialean
Subijanak gogorarazi duenez, joan den uztailean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Osoko Bilkurak 509 epaile-plaza berri sortu beharra zehaztu zuen, Espainia osoan ezinbestekoak jarduera judiziala azkar dadin, eta horien artetik 195 lehenetsiak izan ziren.
Euskal Autonomia Erkidegoari zegokionez, uztailean BJKNko Osoko Bilkurak onartutako proposamenak –Justizia Ministerioari helarazi zitzaiona 2025ean planta judizialaren garapena programatzerakoan kontuan har zezan– ezinbestekotzat jotzen zuen EAEn bost plaza judizial berri sortzea, eta horietako bat ere ez zegoen lehenetsien artean.
"Plaza berrien sorrera lehenetsi horietara mugatuz gero, erkidego honetako planta judizialaren defizita sendotuko litzateke, eta hori, berriz diot, Euskadiko justizia-sistemaren punturik ahulena da", adierazi du Subijanak.
Askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka
EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak aipatu du, bestalde, herritarren kezka areagotu egin dela bai segurtasunari, bai Justiziak arlo horretan duen rolari dagokionez.
Adierazi duenez, epaileek erantzuna eman behar dute, "legezkotasunaren barruan betiere, ahalik eta gizarte-onura lorgarririk handiena lortzera bideratuz, norbanakoaren kaltegarritasun ahalik eta txikiena eraginez".
"Segurtasun demokratikoaren eta bermatutako askatasunaren arteko oreka delikatua eta konplexua da", esan du Subijanak, eta zehaztu du epaileek ebazteko independentzia dutela eta legearen mende daudela “zeinak askatasunaz gabetzeko aukera ematen duen soilik legean berariaz jasota dagoenean, eta beharrezkoa denean lortu nahi den babesa lortzeko".
EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak adierazi duenez, buru den organoak konpromisoa hartu du "jarrera eraikitzailez" sortzen diren hausnarketetan parte hartzeko, "gizarte demokratiko batean askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka posible egingo duten politika publikoen estrategiak" diseinatzeko.
Urte Judizialaren irekiera-ekitaldiaren aurretik, Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako ministroarekin bildu da Subijana, eta EAEko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako kideak ere agurtu ditu.