Informazio orokorra

Magistratu-kategoria duten karrera judizialeko kideek adingabeen arloko espezializazioa lortu ahal izango dute (Botere Judizialaren Lege Organikoaren 329.3 artikuluan aipatzen da). Horretarako, adingabeen arloko espezializazio-ikastaro bat gainditu beharko dute, Karrera Judizialari buruzko 2/2011 Erregelamenduaren II. tituluko V. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Espezializazio-ikastaroan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da magistratu-kategoria izatea eskabidea aurkeztean. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hautatuko ditu espezializazio-ikastaroko parte-hartzaileak, deialdian ezarritako parte-hartzaile kopurua kontuan hartuta; halaber, espediente pertsonala, zerbitzu profesionalak eta eskatzaileek alegatutako merezimenduak balioetsiko ditu.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia da deialdia egiten duen organoa.

Hautaketa-prozesuak fase hauek izango ditu:

I. Proba objektiboa gainditzea. Proba horretan hainbat erantzuneko galdetegi bati erantzun behar zaio, espezializazio-ikastaroan parte hartzeko hautatutako eskatzaileei emandako irakaskuntza-materialarekin lotutako alderdiei buruz, eta, nolanahi ere, gai horretan indarrean dauden arau-xedapen guztiak bilduko ditu.

II. Eskola Judizialeko ikastaro teoriko-praktikoa gainditzea. Ikastaro hori hiru hilabetetan egingo da:

a) Lehen eta hirugarren hilabeteak: programek eduki teorikoa izango dute, eta diziplina juridikoei eta lanbide-gaitasun egokia lortzeko beharrezkotzat jotzen diren beste diziplina osagarri batzuei buruzko eskolak emango dira.

b) Bigarren hilabetea: praktikoa, adingabeen epaitegietara eta adingabeak babesteko eta eraldatzeko erakundeetara edo erkidegoko laguntza-zerbitzuetara joanda.

III. Azken ebaluazio-proba teoriko-praktikoa gainditzea.

Izangaien ebaluazioa programako ikasgaiak ematen dituzten irakasleek egingo dute, eta, horretarako, kontuan hartuko dute adingabeen epaitegietako titularrek eta adingabeak babesteko eta eraldatzeko erakundeek edo kasuan kasuko erkidegoko laguntza-zerbitzuek egindako jarduerei buruzko txostenen edukia.