Justizia eta Desgaitasuna Foroaren aurkezpena

«Edozein pertsonaren aurka desgaitasunagatik egindako bereizkeria gizakiaren duintasuna eta balioa urratzea da», Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioa, New York, 2006ko abenduaren 13a.

Justiziara heltzea Zuzenbidezko Estatuaren oinarrizko printzipio bat da eta Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluan dago jasota: «gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabeziarik gerta». Eskubide hori ezin du inongo inguruabarrek eragotzi, mugatu edo murriztu; desgaitasunak ere ez, beraz. Aitzitik, betebehar etiko bat da, eta juridikoa ere bai, eskubideak bete-betean egikaritu ahal izateko zailtasun-maila handiagoa izan dezaketen pertsonei babes indartua ematea.

Ez dira gutxi desgaitasuna daukagunok bizitzako alderdi desberdinetan ditugun oztopoak, baina, puntu honetan, komeni da gogoratzea, NBEren Konbentzioaren atarikoak dioen bezala, «etengabeko bilakaera duen kontzeptua dela, eta horren eragiletzat elkarrekintza hartu behar dela, bateko, gabeziak dituzten pertsonen, eta, besteko, pertsona horiek gizartean bete-betean eta eragingarritasunez parte hartzea, gainerakoen baldintza berberetan, saihesten duten jarrera- eta inguru-oztopoen artean».

Justizia-auzitegietara heltzeko egon litezkeen oztopoak saihesteko asmoz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Botere Judizialaren gobernu-organo gorena den aldetik, Justizia eta Desgaitasuna Foroa sortzea erabaki zuen. 2003ko abenduaren 1ean sinatutako erakundearteko hitzarmen bati esker jarri zen abian aipaturiko foroa. Estatuko erakunde juridikoak koordinatzea zuen helburu nagusi, dibertsitate funtzionala duten pertsonen (lau milioi baino gehiago Espainian) eskubideen babes judizialean eraginkortasun handiagoa lortzeko.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ez ezik, beste erakunde hauek ere osatzen dute Justizia eta Desgaitasuna Foroa: Justizia Ministerioak; Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak; Estatuko Fiskaltza Nagusiak; Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak; Espainiako Prokuradoreen Kontseilu Nagusiak; Notariotzaren Kontseilu Nagusiak (Aequitas Fundazioa); Merkataritza Jabetzaren eta Ondasun Higigarrien Erregistratzaileen Espainiako Elkargoak; Gizarte Graduatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak; Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeak (CERMI) eta ONCE Fundazioak. Urte hauetan zehar, arlo desberdinetako adituak ere sartu dira bertan. Horrela, organoak, funtsean izaera juridikoa duen arren, ez die uko egiten giza jakintzari dagozkion beste ezagutza batzuei.

Orri honetan, gure jarduerei buruzko informazioa aurkituko duzu, baita hainbat esteka interesgarri ere.

Gainera, Justizia Auzitegi Nagusi bakoitzean, desgaitasunaren arloko ordezkari bat dago; harengana jo dezakezu justizia-auzitegiekin lotutako edozein zalantza argitzeko. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusira ere jo dezakezu, noski, kexak edo iradokizunak aurkezteko ezarritako bideez baliatuz. Halaber, Foroa osatzen duten erakundeek ere beren bideak dauzkate, halako eskaerei erantzuteko.

Desgaitasuna duten pertsonek desgaitasunik ez dutenek adina ekarpen egin diezaiokete gizarteari, baldin eta gizartea pertsona guztiekiko errespetuzko eta haiek barnean sartzeko balioen gainean eraikitzen bada. Konbentzioak azpimarratzen du «pertsona desgaituek ongizate orokorrari eta euren erkidego anitzei egiten dizkieten eta egin ahal dizkieten ekarpenen balioa, eta pertsona desgaituek giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak osotasunean izatea eta erabat parte hartzea sustatzen bada, horrek berarekin ekarriko duela, bai pertsona horiek euren burua gizarteko kide moduan gehiago sentitzea, bai eta gizartearen garapen ekonomiko, sozial eta gizalegezkoari eta txirotasuna desagerrarazteari dagokienez aurrerapauso garrantzitsuak ematea ere».