Eskola Judizialak 25 urte bete ditu

1997ko otsailaren 26an, Espainiako epaileen 48. promozioa osatzen zuten hamar emakumeek eta hamabost gizonek zortzi egun lehenago inauguratu zen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Eskola Judizialean hasi ziren. Geroztik mende laurden bat igaro da eta instalazio horietatik (Bartzelonan, Collserola mendilerro betean), guztira, 3569 ikasle pasa dira, horietako % 65,6, emakumeak.

Eskola Judiziala abian jartzeak erabateko aldaketa ekarri zuen epaileen ordura arteko prestakuntza moduan, izan ere, arlo hori Botere Betearazlearen mende egotetik BJKNren mende egotera igaro zen. Horri esker, Karrera Judizialeko kideei eta bertan sartzeko hautagaiei gainerako lanbide juridikoengandik bereizitako prestakuntza bat eskaini ahal izan zitzaien.

Momentu horretatik aurrera eta geroztik igaro diren hogeita bost urteetan zehar, Eskola Judizialean trebatu diren dozenaka gizon eta emakume Botere Judizialaren Lege Organikoaren 307.1 artikuluan xedatutako helburua lortzen saiatu dira: Espainiako epaileei prestakuntza “integrala, espezializatua eta kalitate handikoa” ematea.

Praktikaldiko epaileak

Datu estatistikoen atalean ikus daitezke Eskola Judizialera sartu den azken promozioaren datuak, 72. promozioa, alegia, eta Bartzelonako Eskola Judizialaren hasieratik metatutako datuak ere bai https://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Temas/Escuela-Judicial/Formacion-Inicial/Estadisticas/

Hasierako prestakuntza: kasuaren metodoa

Behin oposaketak gaindituta, Karrera Judizialean sartu nahi duten hautagaiek hiru fase hauek dituen ikastaro bat gainditu behar dute: diziplina anitzeko prestakuntza programa teoriko-praktiko bat, jurisdikzio ordena guztietako zenbait organotako praktikaldia, eta amaierako fase bat, non praktikaldiko epaileek ordezkapen eta indartze eginkizunak gauzatzen dituzten.

Eskola Judizialak erabiltzen dituen metodologietako zenbait prestakuntza judizialerako jardunbide egokitzat jo dituzte Europako esparruan: honen adibidea da, besteak beste, kasu praktiko irekiaren erabilera epaitegi birtualaren bidez.

Eskola Judizialean helburu nagusia ez da ezaguerak eskuratzea, dagoeneko menperatutzat jotzen baitira, baizik eta ezaguera horiek aplikatzea. Ondorioz, kasuaren metodoa irakaskuntza jardueraren ardatz nagusia da eta pixkanaka hobetuz joan da hiru aldaera hauek garatu arte:

Kasu itxia: Espainia osoko epaitegietan dagoeneko ebatzi diren espediente judizial errealak lantzen dira. Praktikaldian dauden epaileek ponentziak prestatzen dituzte material hori abiapuntu hartuta eta partaidetzako eztabaidak sortzen dira. Helburua da auzia ebazteko prest egotera iristea, epaia emanez, aldez aurretik epaiketaren grabaketa osoa ikusi ondoren, egokia denean.

Kasu sekuentziatua: informazioaren jasotze progresiboan oinarritzen da. Hasieran, ikasleei entregatzen zaie herritar batek abokatuarengana jotzean eramango lukeen informazio mota. Informazio horrekin demandaren kontua prestatu behar dute eta, ondoren, benetako demandarekin alderatu behar dute, urratsez urrats kasuaren garapenean aurrera eginez. Astebete iraun ohi duen praktikaren azken egunean, epaia eman behar dute.

Kasu irekia: epaitegi jakinekin lankidetza estuan, epaitegi horietara iristen diren kasuetako zenbait, aldibereko moduan eta teknologia berriei esker, Eskola Judizialera iristen dira ere, “epaitegi birtual” moduan funtzionatzeko. Ikasleek izapidetzearen eta prozedurako gorabeheren jarraipena egiten dute eta urruneko moduan ikusten dituzte aurreikusitako egintzak, gehien bat, ahozko epaiketak eta ohiko epaiketen aurreko entzunaldiak. Amaitzean, epaia eman behar dute, epaitegiko titularrak eskura duen informazio berarekin eta titularrak bere epaia eman aurretik.

Eskola Judizialaren nazioarteko izaera

Sortu zenetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Eskola Judizialak nazioarteko izaera garatu nahi izan du eta, ondorioz, parte hartze aktiboa izan du Europar Batasuneko, Iberoamerikako eta arabiar munduko prestakuntza judizialeko sareetan.

Honela, Eskola sare hauetako kide da: Europako Prestakuntza Judizialeko Sarea (REFJ gaztelaniaz), Europar Batasuneko estatuetako epaileen prestakuntzaren ardura duten Eskola Judizialak eta organoak barne dituena; Iberoamerikako Eskola Judizialen Sarea (RIAEJ gaztelaniaz), epaileak eta fiskalak prestatzeko Iberoamerikako hogeita hamar Eskola Judizial eta institutu inguru barne dituena; eta Prestakuntza Judizialeko Sare Euro-Arabiarra (RFJEA gaztelaniaz).

Gainera, Eskola Judiziala da BJKNk, Iberoamerikako Gorte Gorenetako eta Auzitegi Gorenetako presidenteen enkarguz, 1997an abian jarritako “Aula Iberoamericana” ekimenaren egoitza nagusia. Harez geroztik, guztira, Iberoamerikako 3724 magistratu, epaile eta bestelako operadore juridikok parte hartu dute programa honen esparruan garatu diren 149 jardueretan.

  1. urteurrenaren oroitzapena

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zenbait ekimen antolatu ditu Eskola Judizialaren hogeita bosgarren urteurrena oroitzeko, besteak beste, gaztelania-ingeles eta gaztelania-katalana bertsioetan editatu den liburu bat (bi bertsioak aurki daitezke pdf formatuan www.poderjudicial.es webgunean).

Bideo instituzional bat ere prestatu da, webgunean aurki daitekeena. Hemendik aurrera, bideo hori erabiliko da Eskolaren aurkezpen gutun modura. Halaber, Twitter eta Instagram gizarte sareetan kanpainak egin dira @PoderJudicialEs eta @Esc_Judicial profilen bitartez, #25aniversarioEscuelaJudicial etiketarekin.

Azkenik, 2022ko martxoaren 25ean, Bartzelonako Sant Pau esparru modernistan, 25 urte hauetan zehar Eskolan zerbitzuak eman dituzten guztiei eskerrak emateko ekitaldi bat egin zen: zuzendariak, irakasleak eta laguntzaile eta administrariak.

Ekitaldi horretan zehar, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak, Carlos Lesmesek, azpimarratu egin zuen Espainiako epailetza osatzen duten pertsona guztiek Eskola Judizialarekin mantentzen duten “lotura sendoa”, “Espainiako epaileentzako prestakuntza zentro bat baino askoz ere gehiago baita”. Bere aldetik, zentroko zuzendariak, Jorge Jiménezek, esan zuen Eskola “prestakuntzarako erreferentea dela mundu osoan” eta “Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta gure herrialdearen enbaxadore bikaina”.

Oroipen ekitaldiaren grabaketa esteka honetan ikus daiteke:

https://www.poderjudicial.es/cgpj/es/Poder-Judicial/En-Portada/El-presidente-del-TS-y-del-CGPJ-destaca-el--inquebrantable-vinculo--de-la-judicatura-espanola-con-la-Escuela-Judicial